Eneko Goiak adierazi du udalak esfortzu handia egingo duela zerbitzuen kalitatea mantentzeko
Politika Orokorreko azken udalbatzarrean, alkateak legealdiaren balantzea egin du eta etorkizunerako zazpi erronka nagusi zehaztu ditu.
Gaur goizean, Politika Orokorreko osoko bilkuran hitza hartzen lehena izan da Eneko Goia alkatea. Lehenik, legealdiaren balantzea egin du. Covid-19ak eragindako osasun larrialdiak eta Ukrainako inbasioak sortutako ziurgabetasunak eragindako prezioen handitzeak baldintzaturikoa izan dela esan du.
Goiak nabarmendu du udalak erabaki duela hiritarren gain ez uztea kostuen handitzea. Horiek horrela, udalak ez ditu ia aldatu udal tasa eta zergak, eta soilik aldatu ditu diru sarrerak eta gastuak parekatzeko behar diren aurrekontu sailak. “Horrek esfortzu handia suposatzen du udalaren diru-kutxarengan. Baina horrela egitea erabaki dugu, izan ere, pertsona asko zailtasunak bizitzen hasi dira”.
Udal gobernua hurrengo ekitaldirako aurrekontua diseinatzen ari dela gaineratu du, eta aurrekontuak 333 milioi euroko diru sarrera arrunta izango duela. Hau da, egun indarrean dagoen aurrekontuak baino 11 milioi euro gehiago. Gehienbat, diru sarrera gehigarri horiek Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik datoz.
Alkatearen iritziz, Donostiak jakin izan zuen osasun larrialdi egoerari aurre egiten eta, beraz, nazioartean bizi den ziurgabetasunari aurre egiteko oinarri eta indar sendoak ditu. Hortaz, gogorarazi du, hiriak Estatuko probintzien hiriburuetatik errenta handiena duela, eta horiek guztiek baino langabezia tasa duela (%7,8), hots, hiriak 2019an zuena (%8,2) baino txikiagoa. Nahiz eta datuak horiek diren, alkateak ezberdintasunei aurre egitearen alde egin du, “baldin eta gizarte kohesio maila altua izan nahi badugu”.
Hortaz, gaineratu du, Donostiak Europar Batasunaren Next Generation Funtsetatik diru-laguntzak dituzten hainbat proiektu onartuta dituela, proiektu horiek guztira 36 milioi euroko inbertsioa suposatuko dutela, eta horietatik 23 milioi funts horietako diru laguntzetatik datozela. Gainera, Donostiak guztira 32 milioi euro zenbatzen duten beste hainbat proiektu egiteko eskaera egin du. Horren harian Goiak honakoa esan du: “Baldin eta proiektu horiek onartzen badira, hiriari bultzada handia emango diote”. Besteak beste, eraikinak birgaitzeko, energia eraginkortasunerako, garraio publikoa elektrifikatzeko, azpiegitura hidraulikoetarako edo telekomunikazioak hobetzeko proiektua dira.
Etxebizitza eta Loiolako kuartelak
Donostiako alkateak azaldu du, azken bi legealdietan 2.172 etxebizitza berri merkaturatu direla, eta horietatik 1.630 eraiki berriak diren etxebizitzak direla eta 542 eraikitako etxebizitzak zatitzetik edo erabilera aldaketatik sortutakoa direla. Horrekin batera, hiriko hainbat eremuren garapena hasi da, besteak beste, Añorgan, Infernuan, Illarran eta Loiolako Lorategi Hirian.
Era berean, Goiak esan du udala oso gertu dagoela Loiolako Kuartelen gaineko salerosketa akordioa ixteko, eta espero duela akordioa urtea amaitu baino lehen lortzea. Horri esker, 1.700 etxebizitza gehiago egingo dira hiriaren eremu berri batean. Alkateak adierazi du akordioa Donostiarentzat “mugarria” izango dela, “hesiak eraisteko akordioa, Urgull Mendia erostekoa, San Telmo Museoa eta Ondarretako kartzelaren lekualdaketa izan ziren moduan”.
Mugikortasunean aldaketak
Goiak azpimarratu du, Donostia, beste hiri askoren moduan, mugikortasun ohituren gaineko trantsizio aro batean dagoela. Hortaz, hiri hobeago bat izateko egiten ari diren aldaketak babestu ditu, hain zuzen ere, trafiko gutxiago eta garbiagoa izango duen hiria, eta gaineratu du, belaunaldi berriek ez diotela autoari hainbesteko garrantzia ematen.
Era berean, gogorarazi du azken hamarkadetan hirian egin diren aldaketen gaineko eztabaidak ugariak izan direla. “Aldaketa horietan norbaitek atzera egingo luke? Uste dut inork ez lukeela atzera egingo”. Hortaz, udalak honako helburua duela azaldu du: “Artzain Onaren plaza guztiz oinezkoentzat izatea, Loiola kalearekin lotuta, Gipuzkoa plaza oinezkoentzat bihurtu zenean bezala”. Horiek horrela, Kontxako pasealekuan eta Loiolako Hiribidean egindako hobekuntzak babestu ditu, eta adierazi du, behin Marrutxipiko sarrera eta irteera berria egiten denean, Otxoki pasealekuko eta Intxaurrondoko beste hainbat eremuren egoera hobetuko direla.
Udan izandako kritikei eta arazoei aurre egiteko aditzera eman du, hurrengo hilabeteetan udalak hiritarrei hobeto azalduko dizkiela egindako aldaketak eta hiritarrak entzuteko prozesua egingo duela, izan ere, Udalatik ez dira aldaketa horiek egoki azaldu. “Kontziente naiz egindako aldaketak ez direla ondo azaldu. Eta zerbait ondo ulertzen ez denean, azaltzeko gai izan ez garelako da”. Dena dela, alkateak esan du hiriak ildo beretik jarraitu behar duela, aldaketa onerako izango delako.
Turismoaren gaineko neurriak
Turismoa aberastasuna sortzen duen jarduera jasangarria egiteko estrategia baten alde egin du Goiak: “Udalak neurriak hartzen jarraituko du desorekak ez sortzeko, eta hiriko auzoen edo eremuen konfigurazioa aldatuko duten gehiegikeriarik ez sortzeko”. Horiek horrela, tasa turistikoaren alde egin du, bisitari ugariago etortzeak ekartzen dituen zerbitzu gehigarriak finantzatzen laguntzeko.
Azkenik, populismoek suposatzen duten arriskuen aurrean, Eneko Goiak dei egin du, demokraziaren eta bizikidetzaren balioak defendatzeko, eta esan du egun babes hori inoiz baino beharrezkoa dela.