Merina Gris bueltan dator Hemendik At taldearen bertsio batekin
Gaur kaleratu du Merina Gris hirukote donostiarrak haien azken lana. Zuzenekoetan ikusi ez dituenak harritzeko moduko bertsioa egin dute; zer eta Hemendik At talde nafar mitikoarena. Eskutitza kantaren bertsioa egin dute Merina Grisekoek, euren pop zakarrean urrats bat gehiago eginez, eta ohikoa baino zikinago.
Hemendik At taldea, Euskal Herrian aitzindaria izan zen, bakalao eta tekno musika euskaraz egiten. Donostiarrek, orain, 1990. eta 2000. hamarkadetako himno moduan berreskuratu dute taldea, eta taldearen kanta ikonikoa.
Sare sozialetan argitaratu dutenez, abenduaren 2an, EP berri bat kaleratuko dute: Gureak ez zirenak izenaren pean, lau bertsio argitaratuko dituzte. Zuzenekoetan egon denak badaki zeintzuk izan daitezkeen. Gainontzekoentzat sorpresa izatea espero du taldeak.