Arantzazuko Ama ikastola inguruko segurtasuna "laster" bermatuko dutela esan du Pilar Aranak
Martutene Birizik plataformaren eskaera urriko osoko bilkurara eraman du EH Bilduk, eta udalbatzak aho batez onartu du.
Udal gobernuak konpromisoa hartu du Martuteneko Arantzazuko Ama ikastola inguruko segurtasuna bermatzeko. Premiazko neurriak urtea bukatu aurretik hartuko dituztela esan du Pilar Arana Mugikorasuneko zinegotziak. Gogoratu behar da urtarrilean auto batek talka egin zuela ikastolako hesiaren kontra.
Istripuaren harira, Martutene Bizirik plataforma sortu zuten hainbat gurasok eta bizilagunek. Ikastola inguruko segurtasuna hobetzeko neurriak eskatu zizkioten udalari, baina eremuak berdin jarraitzen du bederatzi hilabeteren ondoren. Horregatik, urriko udalbatzarrera joan dira neurriak eskatzera, EH Bilduk aurkezturiko mozio baten bidez.
Udalbatzak aho batez onartu du, eta Aranak nabarmendu du dagoeneko neurri bat hartu zela: “Ibilgailu pisutsuak dagoeneko ez dira handik pasatzen, seinaleak jarri genituelako”. Aldiz, premiazko beste neurriak hartzeko prozedura asko luzatu dela aitortu du. “Gainerako neurriak aztertu egin behar ziren, aurrekontuak egin eta lizitazioak prestatu. Ez gara azkarrak prozesu horietan, eta motela gara kontratazioari dagokionez. Halere, premiazko neurriak adjudikatzear dira”. Neurri horiek zeintzuk diren adierazi du: “Neska-mutilen irisgarritasuna hobetuko da, ikastetxearen albo batean sarbide bat jarrita. Horretarako, aparkaleku batzuk kenduko ditugu, sarbide zabalago bat lortzeko. Horrez gain, ikastetxe ondoko zebrabide baten maila igoko dugu”.
Bizilagunak, pozik
Martuteneko hainbat herritar osoko bilkuran izan dira, tartean Maite Barron Martutene Bizirik plataformako kidea. Hedabide honek harekin hitz egiteko aukera izan du, eta pozik agertu da udal gobernuak harturiko konpromisoarekin: “Pauso txiki bat da, eta pozik gaude mozioa guztiek onartu dutelako. Pilar Arana konprometitu da neurriak hartzera. Horrela ere, borrokan jarraituko dugu premiazko neurriak soilik hartuko dituztelako”.
Bestalde, Aranak esandako gauza bat gezurtatu nahi izan du Barronek. “Ibilgailu pisutsuak ez pasatzeko seinaleak jarri dituztela esan du, baina ez da egia. Seinale horiek ez daude”.