Erreformen aurrean, hezkuntza iraultzeko deia
Jendetza batu da gaur Donostian, Ikasle Abertzaleakek antolatutako herrialde mailako mobilizazioan. Greba eguna zuten ikasleek ikastetxeetan, “Hezkuntza bizitzen ari den ofentsiba kapitalistari aurre egin eta hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzeko”.
Adierazi dutenez, hezkuntzaren erreforma “ziklo produktibo berrira” egokitzera bideratuta dago, “transformazio garai batean kokatzen garela esan daiteke”. LOMLOE eta EAEko Hezkuntza Legea jarri dituzte adibide, “miseriazko hezkuntza baten oinarriak finkatzera” etorri direla adierazteko: “Heziketaren desegitea, diziplinamenduan oinarritutako heziketa prozesua eta bitarteko gutxien dituztenen kanporaketa”.
EAEko hezkuntza legeari buruz, alderdi nagusiak “berehala ados” jarri izana adierazgarria dela uste dute. Erreforma hau langile klasearen interesen kontrakoa dela uste dute: “Garbi dugu erreforma hauek guztiak zuzen-zuzenean kolpatzen dutela langile klasea, ikasle langilea hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino”.
Hezkuntza sozialista aldarrikatu dute eta antolatzeko deia egin dute Ikasle Abertzaleakeko kideek. Halaber, salatu dute militantzia politikoa egiteagatik jazarria izan den ikasleria: Iruñean hiru ikasle kanporatuak izan dira, Ezkerraldean kanporatua izateko mehatxupean dago ikasle bat, eta Bilbon hainbat ikasle “seinalatuak” izan dira. Joan den astean, Donostiako Usandizaga institutuan, Ertzaintza ikastetxe barrura sartu zen, hainbat ikasle identifikatu ostean.