Kalapiek dio Kontxako pasealekuko obretan autoa lehenetsi duela udalak
Kontxako pasealekua obretan dago, eta espaloiaren zati bat itxi dute. Hori dela eta, Donostiako Udalak oinezkoentzako pasabidea bidegorrira eramatea erabaki duela kritikatu du Kalapie Hiriko Txirrindulari Elkarteak. “Bien bitartean, galtzadaren zirkulazioa bere horretan mantendu da”, gaineratu dute.
Une honetan, bizikletek eta oinezkoek bidegorria partekatzen dute, eta txirrindulariak bizikletatik jaistera behartu dituzte. “Neurri honek gatazka eta ondoeza eragiten ari da herritarren artean. Gainera, tarte horretan oinezkoen saturazioa handia izaten ari da”, azaldu du Kalapiek.
Udalari eskatu diote, horrelako kasuetan, aldaketak aztertzerakoan, txirrindularientzako eta oinezkoentzako pasabide seguru bat bermatzeko. “Hori da lehenetsi behar duen mugikortasuna, eta ez autoarena”. Motordun ibilgailuentzako norabide bat jartzea proposatu dute, lanek irauten duten bitartean. Hau da, lehen faseko obretan hainbat hilabetez egin zen moduan.