Aurkari gogorra izango du Realak
Azken hiru jardunaldietako emaitza txarrei buelta emateko aukera du gaur Realak, baina ez da erraza izango, Egararen etxean jokatuko baitu Ivan Lorenteren taldeak. Ligako bigarren sailkatuak dira katalanak, eta orain arte etxean jokatutako neurketa ia guztiak irabazi dituzte; berdinketa bat izan da etxean lortutako emaitzarik txarrena. Txuri-urdinak, aldiz, liga maila onean hasi ostean, seigarren sailkatuak dira orain, eta garaipenaren bidera itzultzea dute helburu.
Futbolean, Realeko neskek Alavesen etxean jokatuko dute larunbatean, beste hiru puntu batzeko helburuarekin. Ez luke partida zaila izan beharko Natalia Arroyoren taldearentzat, arabarrak ligako azkenurrenak baitira, eta donostiarrak seigarrenak. Mutilek, aldiz, etxean jokatuko dute, igandean. Betis izango dute aurkari, eta partida garrantzitsua da, Europako postuetarako Realaren aurkari zuzena baita talde andaluziarra.
Saskibaloian, Ibaeta Basket Kanaria uharteetara joango da igandean, Gran Canariaren etxean jokatzera. Donostiarren aurkari zuzenak dira kanariarrak, eta, beraz, garrantzitsua da emaitza on batekin itzultzea. Izan ere, ligako zortzigarrena da Ibaeta Basket, eta bederatzigarrena Gran Canaria.
Izotz hockeyan, garaipenaren bidera itzultzea izango dute helburu Txuri Urdineko mutilek zein neskek, joan den astean biek 5-1 galdu ostean. Neskek Huarte jasoko dute etxean, eta ez da neurketa erraza izango, ligako azken sailkatuak baitira donostiarrak eta laugarrenak nafarrak. Mutilek, aldiz, Milenio Panthersen aurka jokatuko dute etxean. Partida parekatua izango dela aurreikusten da, ligako azkena baita Milenio Panthers eta azkenurrena Txuri Urdin.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumeen ohorezko maila, 8. jardunaldia
- Egara – Reala (ostiralean, 15:00etan)
Futbola
Emakumeen lehen maila, 7. jardunaldia
- Alaves – Reala (larunbatean, 16:00etan)
Gizonen lehen maila, 12. jardunaldia
- Reala – Betis (igandean, 21:00etan)
Saskibaloia
Emakumeen liga, 5. jardunaldia
- Gran Canaria – Ibaeta Basket (igandean, 12:00etan)
Izotz hockeya
Emakumeen lehen maila, 6. jardunaldia
- Txuri Urdin – Huarte (larunbatean, 20:30ean)
Gizonen lehen maila, 6. jardunaldia
- Txuri Urdin – Milenio Panthers (larunbatean, 14:45ean)