"Auzotarrak etsita daude udalarekin"
Urtarrilean auto batek talka egin zuen Arantzazuko Ama ikastolaren hesiaren kontra. Istripuaren ondorioz, Martutene Bizirik plataforma sortu zuten hainbat gurasok eta bizilagunek. Ikastola inguruko segurtasuna hobetzea dute helburu, besteak beste.
Bederatzi hilabeteren ondoren, ikastola ondoko bidea seguruagoa da?
Maite Barron (M.B.): Ez, istripua gertatu zenetik ez da ezer aldatu. Istripuak eragindako kaltea konpondu zuten, besterik ez. Errepidean urtarriletik hona ez dute aldaketarik egin.
Sonia Robledo (S.R.): Ikustea besterik ez dago, berdin-berdin dagoelako.
Abiadura moteltzeko neurririk jarri dute?
M.B.: Ez. Udaleko ordezkariekin bilera egin genuenean, ondorioztatu genuen premiazko neurri batzuk berehala hartuko zituztela. Guk aspalditik adierazi diogu udalari Arantzazuko Ama ikastolak ezin dituela horrenbeste errepide izan inguruan. Ulertzen dugu hori aldatzea epe luzeko proiektu batekin lor daitekeela. Aldiz, ez da onargarria bederatzi hilabete pasata premiazko neurri bakar bat ere jarri ez izana. Harrituta gaude, egia esan.
S.R.: Ibilgailuek abiadura moteltzeko eta gidariak kontzientziatzeko seinaleak jarriko zituztela esan ziguten. Esaterako, abiadura adierazten duen seinale elektroniko horietako bat jar zitekeela aipatu zuten. Horren batera, sakangune batzuk jartzeko aukera aipatu zuten.
Istripuak gurasoen eta bizilagunen beldurra areagotu zuen. Errepideak berdin jarraitzen duela ikusita, auzotarrek zerbait esan dizuete?
M.B.: Martutenek behar handiak ditu, eta auzotarrak etsita daude udalarekin. Hori da transmititzen digutena. Gainera, Martutenen bizitzen denbora daramatenek ez dute udalarengandik ezer espero. Utzita sentitzen den auzoa da, orokorrean.
Zer nolako harremana duzue udalarekin?
M.B.: Bere garaian egin zen bilera bakar hartatik ez dugu beraiekin hitz egin. Egia da ere ez dugula beste bilerarik eskatu. Arantzazuko Ama ikastolak zuzendaritza aldatu du, eta egokitzapen horretan dabil. Halere, udala ez da beraiekin harremanetan jarri, jakin ahal izan dugunez. Ezta guraso elkartearekin ere.
S.R.: Hori dela eta, beste bide batzuk jorratzea erabaki genuen plataforma gisa. Udal talde guztiei helarazi genien gure eskaeren txostena, eta soilik bik erantzun ziguten; EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. Horien bidez lortu dugu osoko bilkurara iristea.
Hain zuzen ere, herenegun urriko udalbatzarrean izan zineten. Udalbatzak aho batez onartu zuen EH Bilduren mozioa. Hau da, udal gobernuak konpromisoa hartu zuen ikastolaren inguruko segurtasuna bermatzeko. Zein da zuen balorazioa?
M.B.: Pozik gaude lorturikoarekin. Halere, borrokan jarraituko dugu udalak soilik premiazko neurriak hartuko dituelako. Urtea bukatu baino lehen neurri horiek indarrean jarriko dituztela esan zuen Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Besteak beste, hesi bat jarriko dute espaloian, eta kaleetako bat oinezkoentzako jarriko dute ikastolako sarbide bat hobetzeko. Aranak onartu zuen makal dabiltzala kontratazio kontuekin. Horrez gain, zinegotziak esandako gauza bat ez da zuzena. Ibilgailu pisutsuak Martutene barrutik ez pasatzeko seinaleak jarri zituztela adierazi zuen, baina ez da egia. Seinale horiek ez daude.
Iragarritako neurriez gain, besterik proposatzen duzue?
S.R.: Bai, noski. Ikastolako espaloiaren ertzean baranda bat jartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, oinezkoak babesteko. Batez ere, ikastolako haurrek erabiltzen dute, eta oso maiz arrapaladan ateratzen dira ikastolatik. Soilik baranda txiki bat jarri zuten ikastolaren sarreran, baina ez da nahikoa segurtasuna bermatzeko.
Beste hainbat kezka plazaratu eta helarazi dizkiozue udalari: utzita dagoen gasolindegia, auzoko garbitasun falta eta Dbuseko eta Renfeko geltokien egoera, besteak beste.
M.B.: Duela aste batzuk, zortzi urteko haur batek sekulako ezustekoa izan zuen. Gasolindegi zaharreko xafla bat erori zen, eta gutxigatik ez zuen azpian harrapatu. Gasolindegi hori da auzoaren erdigunea, hor ditugu saltoki eta taberna apurrak. Arriskutsua da gasolindegi hori egoera horretan izatea. Autobus geltokien egoera ere zeharo prekarioa da. Herdoilduta daude, eta ez dira batere seguruak.
S.R.: Utzikeriak utzikeria dakar, eta auzoaren erdigunean dugun biribilgune inprobisatua da horren eredu. Pertsona batzuek zaborra botatzen dute biribilgune horren erdira.
M.B.: Dena dela, udalak adierazi zigun ezin ginela kexatu, ibai ertza konpondu eta pasealeku bat jarri digutelako. Auzoan diru asko inbertitu dela diote.
Martutene Bizirik plataforma indartu eta aurrera jarraitzeko asmoa duzue?
M.B.: Bai, pausoz pauso. Auzoa hobetu nahi dugu gure seme-alabentzat eta helduentzat. Auzoan txosten bat banatu dugu, eta beste eragileekin batera elkartu nahi genuke. Askok babesa adierazi digute, eta gustatuko litzaiguke beraiekin tarteka bilerak egitea. Auzoa indartu nahi dugu.