'Eraman nazazu', Olatz Salvadorren maitasun aldarri kolektiboa
Aho uhal lana txokoz txoko aurkezten egon da Olatz Salvador donostiarra azken bi urteotan, eta etapa honi “itxiera emateko momentua” iritsi dela iragarri du sare sozialetan, “gauza berriei lekua egiteko gogotsu”.
Ibilbidea ospatzeko, eta amaiera prestatzen hasteko, Eraman nazazu kantaren bideoklipa argitaratu du gaur, “maitasun aldarri kolektibo” aldarrikapen gisa. Bideoan, Salvadorren gertuko lagunak ageri dira, laztantzen eta maitasun keinuetan. Goxotasunaren aldarri bat da bideoa, komunitateak sortzailea sostengatzen duela gogorarazteko.
Salvadorren hitzetan, kantak sortzea biluzteko beste era bat da: “Hasiera batean, nor bere buruarekin. Leihoak irekitzean, edozeinen aurrean. Bertigoz betetako boladak sortzen zaizkit. Eta, bat batean, jendea da nirekin biluzten hasten dena. ‘Gu’ bat sortzen du honek denak eta hau da zerbait sortzearen gauza ederrena”.