Nartzisoak babesteko hesi bat jartzen ari dira Frantzia pasealekuko parterretan
Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien saila babes-hesi bat jartzen ari da Frantzia pasealekuko parterretan, nartzisoen haziera babesteko.
Ekologiako zinegotziak, Marisol Garmendia sozialistak, hesiaren helburua azaldu du: “Frantziako pasealeku osoan, lore horiz berriro gozatu ahal izatea. Aste hauetan izandako beroa erraboilen hazkundea bizkortzen ari direla dirudi: pixkana-pixkana agertzen hasita daude, eta landareak behar bezala hazten direla bermatzeko, parterreak berriro hesitzen ari gara”.
Parke eta Lorategietako arduradunek lehen ernamuinak ikusi dituzten arren, badakite landareari oraindik ere denbora geratzen zaiola hazteko eta garatzeko, lorea atera aurretik, eta hori urtarrilean edo otsailean gertatzea espero dute. “Orain une delikatua da; izan ere, ernamuinak zapaltzen badira, landarea ez da haziko. Horregatik jartzen dugu sare metalikodun hesi altu hori”, azaldu du Garmendiak. “Frantziako pasealekuan jarri ohi den Gabonetako Azokaren ondoan egongo da”, gaineratu du.
Udalak laguntza eskatu die herritarrei landare horien hazkundeari kalterik ez egiteko.
Lapurdi plazan ere nartzisoak jarriko dituzte
Jakinarazi dutenez, datorren urtearen hasieran Groseko Lapurdi plazako biribilguneak ere nartzisoak izango ditu. Saneamendu-sarea berritzeko lehen fasearen amaiera aprobetxatu da ingurunea egokitzeko eta hainbat motatako palmondoak landatzeko.
Ez dira lehen zeudenak bezain handiak, baina kolektorearen bigarren fasea urte pare batean amaitzen denean berriro jarriko dira haiek. Oraingo palmondoak jarri direnean, nartziso zurien erraboilak ere erein dituzte.