Bi gizonezko atxilotu dituzte Parte Zaharrean, emakume bat erasotzeagatik
Gaur goizaldean 24 eta 38 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Parte Zaharrean, emakume bati eraso egin eta sexu-ukituak egin ondoren.
Ertzaintzaren arabera, goizaldeko 06:10ean bi gizon hurbildu zaizkio emakume bati, eta indarra erabiliz sexu-ukituak egin dizkiote. Biktimaren bi lagun hurbildu dira laguntzera, eta une horretan erasotzaileek ihes egin duten arren, berehala aurkitu dituzte. Lekura agertu diren ertzainek atxilotu dituzte bi gizonak sexu-erasoaren delitua leporatuta.
Atxilotuak polizia egoitzara eraman dituzte dagozkion eginbideak hasteko, eta, horiek amaitu ondoren, Donostiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dituzte.