ETApm-k eraildako Juan de Dios Doval UCDko kidearen omenezko plaka jarri dute
Juan de Dios Doval Mateosen omenezko plaka jarri du Donostiako Udalak gaur, Lorean, Ibaeta auzoan. EH Bildu kenduta, udal talde guztiek hartu dute parte omenaldian, bai eta alderdietako ordezkari ezagunek. EH Bilduk adierazi duenez, “familiari errespetuagatik” ez du omenaldian parte hartu, baian udaletxean egin zaion harreran bai hartu duela parte. PSE-EEk aldiz, normaltasunez hartu du parte.
Izan ere, ETA politiko-militarrak UCD alderdiaren kontrako erasoaldi kanpaina egin zuen 1977 eta 1980 urteetan, UCDk Euskadiko Autonomia Estatutua “zapuztu” nahi zuela iritzita. Hauteskundeak zetozen, eta, garaian, ETApm-k Euskadiko Ezkerra alderdiari babesa adierazten zion.
Juan de Dios Doval Mateosek 37 urte zituen hil zutenean, Zuzenbide Prozesaleko irakaslea zen Donostiako EHUko Campusean, eta Zentro Demokratikoko Batasuneko (UCD) exekutibako kidea, eta bigarrena Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoako zerrendetan. Bi semeren aita, Lorea auzoan bizi zen. ETAko kideek ibilgailuaren barruan harrapatu zuten, eta hiru aldiz egin zioten tiro suzko armaz. Hiltzaileek lapurtutako auto batean ihes egin zuten, taldeko beste kide bat zain zutela.
Egun horietako kroniken arabera, Antonio Beristain apaiz jesuitak, Unibertsitateko biktimaren ikaskideak, Gaceta Unibertsitarioan kontatu zuen Dovalek, hil bezperan, bere idazkariari esan ziola: “Egizu otoiz nigatik”. Berak uzteko gomendatu omen zion, baina Dovalen erantzuna honakoa izan omen zen: “Ez dut nahi nire seme-alabek pentsatzea koldarra naizela”. Erailketaren biharamunean Zuzenbide Fakultatearen jarduera gelditu zen eta 300 bat ikasle eta irakaslek manifestazio isila egin zuten.
Dagoeneko, 24 plaka
Donositako Udalak 24 plaka jarri ditu hirian, “terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei espazio publikoan ikusgarritasuna emateko” aurreko legealditik bultzatutako egitasmoaren barruan. Hauek dira orain arte jarritako plakak: Juan Maria Araluze, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez Fenollar, Francisco Martin Gonzalez, Fernando Mugica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Dominguez de Bidaurreta, Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes y Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gomez Elosegi, Jose Angel Santos eta Josu Leonet – ETAk hil zituen guztiak –, Enrique Cuesta, Antonio Gomez eta Juan Manuel Garcia Cordero – Comandos Autonomos taldeak erail zituen –; Begoña Urroz Ibarrola – DRILek erail zuen –; Mari Jose Bravo del Valle – Batallon Vasco Españolek erail zuen–; eta Joseba Barandiaran Urkola – polizia-ekintzak eragindako biktima –.