San Tomas Kanibala, iruditan
Beldurrezko Astea itzuli da hirira. Irati filmarekin abiatu zen atzo, eta, asteburuan, pelikulez gain, hainbat jarduera zoro izango dira hirian zehar. San Tomas Kanibala izan da horietako bat: taloak, marrazkiak, eta beldurrezko pinturak haurrentzat.
Izugarrizko ilara sortu da bulebarrean, aurpegia margotu nahi zuten haur –eta ez hain haurrekin–. Jarraian, Parte Zaharrean barrena abiatuko dira zonbi eta bestelako mamu mozorroekin; ez zaitzatela sorpresaz harrapatu!
Euskarazko eskaintza
Beldurrezko Astean hiru film proiektatuko dituzte euskaraz, Irati-z gain: Izurde mutikoa (Mohammad Kheirandish, 2022), Unicorn Wars (Alberto Vazquez, 2022) eta Barrexerka talde donostiarraren Txiza komunean. Izurde mutikoa bihar proiektatuko dute, 12:00etan, Viktoria Eugenia antzokian eta Unicorn Wars ostegunean, 19:30ean, Antzoki Zaharrean.
Txiza komunean-i dagokionez, asteazkenean eskainiko dute, 19:00etan, Viktoria Eugeniako Klub aretoan. Ikuskizun berezia izango da: “Lantalde osoa irrikaz dago burutu dutena jendaurrean erakusteko, baina, nahiz eta filma otsailera arte ez den aretoetara iritsiko, Beldurrezko Astean egingo duten aurkezpenean informazioa aurreratuko dutela iragarri dute. Bueno, edo hori zen asmoa…”, azaldu du jaialdiak.
Kanibala izango da
Danborrada zonbia, Behobia Z eta Hilerri Kirolak egitasmoen sortzaileek Azokanibal egitasmoa antolatu dute aurten. Azoka “paganoa eta politeista” izango da, eta San Tomas eguneko azoka du oinarri, baina desberdintasun txiki batekin: txerrikien ordez, giza gorpuzkiak eskainiko dituzte.
Azoka bihar jarriko dute, Bulebarreko kioskoan, Eko-nibal eta Hortz-ikara postuekin (17:00-19:30). Ondoren, The Wicker Manen errituala egingo dute 19:00etatik 20:30era, eta, jarraian, A&B Show taldearen kalejira pagano-kanibala Parte Zaharretik eta Amaia Ruiz de Galarreta aktorearen eta Jon K. Sanchez idazlearen Mariren oihartzuna antzezlana kioskoan. Etzi, aldiz, haurrentzako bidaia kanibal-gastronomikoa egingo dute txu-txu trenean, Dosekilibradosen eta Pijamamanen eskutik, 12:00etan, Viktoria Eugeniatik abiatuta.
Erakusketa eskaintza zabala
Askotariko erakusketak antolatu dituzte, beldurraren eta fantasiaren munduan are gehiago murgiltzeko: Alvaro Herranzen Fuego Fatuo: Ulertezinaren bestiarioa (azaroaren 13ra arte, San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan), Luis Gascaren omenezko Komikia eta zinema (azaroaren 8ra arte, Okendo Kultur Etxean), Arantza Sestayoren Euskadi Fantastikoa 18 (azaroaren 19ra arte, Udal Liburutegi Nagusian), Odol tinta. Banpiroari omenaldia (azaroaren 2tik 30era, Intxaurrondo Kultur Etxean), Zinema itsasoak (azaroaren 13ra arte, Euskal Itsas Museoan) eta Tito Saavedra (azaroaren 13ra arte, Tolosako TOPIC zentroan).