"Penarekin geratu naiz tenple onean nengoelako bertsotarako"
Asier Azpiroz laugarren geratu da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoan.
Ez da finalaurrekoen bigarren itzulirako sailkatu. Horrela ere, Asier Azpiroz (Zubieta, 1991) gustura dago larunbatean Donibane Garazin eskainitako bertso batzuekin. Jai Alai pilotalekuan 1.350 bertsozale elkartu ziren, sarrera guztiak agortuta. Oihana Iguaranek lortu zuen puntu gehien (688,5). Azpirozek, berriz, 616,5 puntu eskuratu zituen. Saioan bigarren izan zen Amets Arzallus, hirugarren Nerea Elustondo, bosgarren Haritz Mujika eta seigarren Aitor Etxebarriazarraga.
IRUTXULOKO HITZAk Azpirozekin hitz egin du, eta sentitzen duen pena ezin izan du ezkutatu: “Penarekin geratu naiz tenple onean nengoelako bertsotarako. Halere, erabakietan ez nuen asmatu. Batez ere, seiko motzean eta ganbarakoan”. Finalerdien bigarren itzulirako sailkatu nahi zuen, baina ez da posible izan. “Trena galdu dudala iruditzen zait”, gaineratu du.
Finalaurrekora “nahiko lasai” joan zela dio, eta oholtzan eroso sentitu zela. “Zortziko handian txukun aritu ginen Aitor Etxebarriazarraga eta biok. Prezioen igoeren inguruan aritu ginen. Gai izan nintzen besteari entzuteko. Aldiz, zortziko txikian kontrakoa gertatu zitzaidan. Oihana Iguaranek eta biok hitanoa erabiltzea adostu genuen, kalean horrela kantatu ohi dugulako elkarrekin. Nahikoa lan izan nuen hika erabilita bertsoak osatzen. Ez nuen asmatu ofizio horretan”, azaldu du.
Puntutan Haritz Mujikarekin batera egindako lanarekin gustura geratu zen, baina ez seiko motzeko ariketarekin: “Traketsena hori egin nuen. Nerea Elustondori bikotekidea bilatzeko bidaia batera joatea proposatu nion, baina berak ezezkoa eman zidan. Horrekin tematu nintzen, eta ez zen ondo atera. Seiko motzeko ariketak nahiko pisutsuak izaten dira, eta asko kostatu zitzaidan bertso bakoitzean zer esan nahi nuen erabakitzea”.
Sentsazio bera izan zuen ganbarako ariketan. Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena gaia egokitu zitzaien bertsolariei. “Lehena izatea egokitu zitzaidan, eta horrelakoetan zerbait arinarekin hastea ez da ohikoena izaten. Ni bizikleta zalea naiz, eta bizikleta elektrikoa lehen aldiz probatu zuen adineko batek lekuan jarri nintzen. Probatu eta nekatu egiten zenez, gustatzen ez zitzaiola kontatu nuen. Ez nuen pisuzko gaia hartu, eta baliteke asmatu ez izana. Lehen eta hirugarren bertsoak ondo osatu nituen, baina ez bigarrena. Aho zapore txarra utzi zidan”, nabarmendu du Azpirozek.
Donibane Garaziko saioaren bertso guztiak helbide honetan ikus eta entzun daitezke.