Atotxarrekako bizilagunek 625 sinadura bildu dituzte, auzoko zerbitzuak hobetzearen alde
Atotxarrekako bizilagunek 625 sinadura aurkeztu dituzte udaletxean, udalari eskatzeko auzuneko zerbitzuak hobetu ditzala; bilera bat ere eskatu dute, Eneko Goia alkatearekin. Sinadurekin batera, euren aldarrikapenak azaltzeko dokumentu bat ere aurkeztu dute.
Gogorarazi dutenez, azken urteotan etxebizitza ugari eraiki dituzte han, eta, beraz, populazioa asko hazi da. Hain zuzen ere, auzunean gaur egun 229 etxebizitza daudela azaldu dute, baina gorakada hori ez dela zerbitzuak hobetzearekin batera etorri. “Autobus zerbitzu bat nahi dugu, kaleak garbi, zebrabide altuak, mantentze lan egokiak, argiztapena hobetzea, zuhaitz txorkoetan zuhaitzak jartzea, eta abar. Oro har, bizilagunok gure zergekin ordaintzen ari garen guztia, baina gaur egun ez daukaguna”, gaineratu dute.