Donostiako auzoetako Gau Beltza, iruditan
Antiguan, Loiolako Erriberan, Altzan, Txominen eta Añorgan ospatu dute.
Gau Beltzaren tradizioari eutsi diote Donostiako hainbat auzotan, eta askotariko ospakizunak egin zituzten atzo, urriaren 31n. Antiguan, Loiolako Erriberan, Altzan, Txominen eta Añorgan ospatu dute Gau Beltza, eta IRUTXULOKO HITZAk argazkiak bildu ditu.
Altzan, egun osoko egitaraua izan bazuten ere, arratsaldean hasi ziren jarduera esanguratsuenak, besteak beste, arimen ibilbide jendetsu eta ikusgarria egin baitzuten. Gainera, auzoko eragile ugari aritu dira Gau Beltza antolatzen: Altza Herri Ikastetxea, Altza Institutua, Harri Berri-Oleta, Herrera Ikastetxea, Herri Ametsa Ikastola, San Luis Ikastetxea, Altzania Kultur Elkartea eta Bizarrain Euskara Elkartea. Era berean, Nao Etxea jubilatuen eta pentsiodunen elkartearen, La Mas Kukiren, Altza Kantuzen, Altzatarra elkartearen eta Donostia Kulturaren laguntza izan dute.
Loiolako Erriberan, Erribertxo Kultur Elkarteak antolatu du Gau Beltza, eta egun osoko egitaraua izan zuten, baita ere. Besteak beste, kalabazak husteko ikastaroa izan zuten goizean, beldurrezko filmen emanaldia arratsaldean eta Arimen Biltzarra iluntzean.
Antiguan ere ospatu dute Gau Beltza, “arbasoen ohiturak berreskuratzeko asmoz”. Jakintza ikastolak, Jakingura guraso elkarteak eta Loretope konpartsak antolatuta, festa handia egin zuten atzo frontoian.
Añorgako Gau Beltzaren irudi bilduma: