Gotzain berriaren aurkezpenean izan da Kakux, Elizak pederastiagatik zigortu zuen arren
Astelehenean, Donostiako gotzain berri izendatu zuen Elizak Fernando Prado bilbotarra. Bera izango da Munillaren oinordekoa, zortzi hilabetez gotzain gabe egon ostean. Aurkezpen ekitaldiaren harrigarriena, ordea, Juan Kruz Mendizabal Kakux-en presentzia izan zen.
Kakux pederastiagatik zigortu zuen Vatikanoak, hainbat gizonek bere aurkako salaketa jarri zutenean. Kakuxek berak, onartu omen zituen akusazioak. Gizonek emandako testigantzen arabera, haur eta nerabeak zirenean, Kakuxekin udalekutan zeudela jasan zituzten eraso sexualak, apaizarekin zuten harreman ona baliatuta. Besteak beste, lotan zeudenean kanpin dendara sartu, eta masturbatu egin zituen haurrok.
Jose Ignacio Munillak 2016ko martxoan izan zuen salaketen berri, eta handik hilabetera kargugabetu zuten Kakux, ordura arte Gipuzkoako bikario nagusi zena. Gotzaindegiak zabaldu zuen informazioaren arabera, 2001ean eta 2005ean orduan adingabe ziren bi mutili egindako “ukitze desegokiak” jasotzen dira salaketa horietan. Gerora, gazte gehiagok jarri zuten salaketa.
Mendizabalen abusuak preskribatuta zirela erdietsi zuen fiskaltzak, eta kasua artxibatzea erabaki zuen. Kontrara, ordea, justizia eklesiastikoak prozesua zabaldu zuen, eta bertan erruduntzat jo zuten Donostiako apaiza. Hain zuzen horregatik, Kakux Gipuzkoatik erbesteratu zuten monasterio batera, eta beste elizgizon baten tutoretzapean, terapia psikologiko eta espirituala egiten aritu omen da.
Urtetan zehar bizitza publikotik desagertuta egon da Kakux, Elizak hala eskatuta. Ordea, azken urteetan Goierrin hainbat meza eman dituela jakinarazi dute. Atzoko ekitaldia publikoa zen arren, gutxi dira bertan ageri diren apaizka, eta horietako bat Kakux izateak arreta deitu du.