Mikel San Argimiro berriz espetxeratu dute, Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua baliogabetu ondoren
Sare Herritarrak manifestazioa egingo du asteazkenean, 19:00etan, Bulebarretik abiatuta, 'Etxerako bidean oztoporik ez! Mikel Etxera' lelopean.
Etxerat elkarteak salatu du bigarren gradura itzuli dela preso donostiarra, eta Martuteneko espetxera bueltatu behar izan duela. Fiskalak helegitea jarri zuen Jaurlaritzak emandako hirugarren graduaren aurka, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin du. San Argimirok 20 urte eta erdi daramatza preso, eta 2021. urtearen hasieran, bere zigorraren hiru laurdenak bete zituen. Iaz Euskal Herriratu zuten; Soriako kartzelatik eraman zuten Martuteneko kartzelara.
Momentu honetan fiskaltzak beste zortzi presoren hirugarren graduen aurkako errekurtsoak bere horretan mantentzen dituela azaldu du Etxeratek ohar baten bidez. Auzitegi Nazionalari dagokio helegite horiek onartu edo ez. Duela gutxi, Xabier Atristain preso donostiarra ere espetxeratu zuten hirugarren gradua baliogabetuta. Atristain ere Martutenen dago preso.
Etxeratek “ezinegona eta haserrea” adierazi du, “preso donostiarraren eskubideak urratu dituztelako”, eta “Espainiako justiziak mantentzen duen blokeo bidegabea euskal gizartearen nahiaren kontrako norabidean kokatzen delako”.
Sare Herritarrak manifestaziora joateko deia egin du. ‘Etxerako bidean oztoporik ez! Mikel Etxera’ lelopean abiatuko dira bihar, asteazkena, 19:00etan.