Altzako birsortze integralerako 12 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte
Auzune zaurgarrienetan inbertituko dute dirua: Harria, Arriaga, Arrizar, Roteta, Casares eta Santa Barbara.
Eusko Jaurlaritzak EAEko hamalau auzoren berroneratze integrala egingo du, eta horren bidez, Donostiak Altza auzoaren hiri eraldaketaren lehen faseari ekingo dio. Gaur goizean aurkeztu dute Altzako birsortze integralerako proiektua. 12.470.000 euroko inbertsioa egingo dute auzoan 2015era bitarte, eta Jaurlaritzak 9.463.000 euro jarriko ditu. Proiektuan Donostiako Udaleko hainbat atalek parte hartu dute: Sustapena, Etxegintza, Ingurumena, Hiri Mantenua eta Obra eta Proiektuak.
Altzako auzune zaurgarrienetan inbertituko dute dirua: Harria, Arriaga, Arrizar, Roteta, Casares eta Santa Barbara. Plan horren bidez, berroneratzeko jarduerak egingo dira, bai bizitegi eraikinetan, bai azpiegituran, berrurbanizazioan eta kutsatutako lursailak lehengoratzean, eta, horretarako, hiri eremua, berdeguneak eta irisgarritasuna hobetuko dira. Esku hartze horiek guztiek eragina izango dute auzoan, energia gastua eta CO2 isuriak murriztuz.
Altza da Donostian etxebizitza gehien biltzen dituen auzoetako bat. 8.997 etxebizitza ditu 1.181 ataritan banatuta. Auzoko eraikinen %85,8 1981. urtea baino lehen eraikita daude, eta hiriko batez besteko errenta pertsonal txikiena dute. Lanbideren abuztuko datuen arabera, auzoak (19.576 bizilagun) 988 pertsona ditu langabezian (%10). Horietatik %56,3 emakumeak dira, eta 35-54 urteko tartea da kaltetuena, ia 500 pertsona baitaude lanik gabe.
Bizitegi eraikinak birgaitzea
Altzako zaurgarritasun handieneko eremuetan 12 atari eta 124 etxebizitza erabat birgaitzea aurreikusten da. Eraikinetan egingo diren esku-hartzeetan honako hauek sartuko dira: energia birgaitze inguratzailea (fatxada eta estalkia), suteen aurkako babesa hobetzea, plaka fotovoltaikoak jartzea, galdarak ordeztea eta irisgarritasuna hobetzea, hala nola zero kotako igogailuak.
Berrurbanizazioa eraiki gabeko espazioetan
Harria-Pikabea parkeko jarduketak barne hartzen ditu, irisgarritasuna hobetzeko eta amiantoz kutsatutako lurrak berreskuratzeko, hiri espazioa handituz eta parke publikoa sortuz. Plaza eta kaleetako zuhaiztiak birnaturalizatzeko jarduerak, eta, Auditz Akularren kasuan, errekak birnaturalizatzeko jarduerak. Energia berriztagarria mintegi publikoetan, drainatze sistema jasangarriak eta irisgarritasun-arazoak konpontzea.
Hurbiltasun Bulegoa
Hurbiltasun Bulego bat jarriko da martxan, eko-birgaitzea laguntzeko eta bultzatzeko egitura batekin, eta Energia Eraginkortasuna hobetzeko inbertsioen erreferente eta katalizatzaile gisa jardungo du, eta esku-hartzeen laguntzak bideratuko ditu. Sentsibilizatu, erakarri eta herritarrei laguntzeko zerbitzu bat eskainiko du, jarduerak burutzeko. Gainera, hiri-berroneratzeari buruzko elkarlaneko hausnarketa prozesu bat egingo da herritarrekin eta funtsezko eragileekin.
Energia Komunitateak
Energia Komunitatearen proiektu pilotu bat abian jartzea, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko baten bidez, Oleta Ikastolarako eta inguruko etxebizitzetarako. Estalkietan plaka fotovoltaikoak jar ditzaketen eraikin birgaituetako jabekideen erkidegoei zuzendutako sentsibilizazio eta orientazio programa bat ere sartuko da.
Digitalizazioa
Birgaitutako etxebizitzen kontsumoen monitorizazioa egingo da, eta etxebizitzei laguntzak eskainiko zaizkie, birgaitzearekin batera monitorizazio hori kontrata dezaten. Gainera, Altza auzoko merkataritza biziberritzea landuko da, energia-eraginkortasunari buruzko aholkularitza zerbitzuak, monitorizazio tresnak eta jatorri berriztagarriko elektrizitatearen erosketa taldekatua barne. Aholkularitza teknologikoa, digitala eta komertziala.
Paisaia
Lau Haizeta natura ondarearen parkeko paisaia hobetzeko jarduketak, eremu kalteberaren ingurunean, hala nola kartelak hobetzea, QR ibilbideak jartzea eta bisitariak zenbatzea, parkera bisita sustatzeko ekintzak ezartzeko.
Enplegua
Proiektu integralarekin batera, Donostia Sustapenak kudeatutako enplegu eta prestakuntza programa bat egongo da, lanbide irteera berri bat eta enplegagarritasuna handitzea ekarriko duten gaitasun berriak eskuratzeko. Programa hori kolektibo zaurgarrienei zuzenduko zaie, eta horien artean lehentasuna emango zaie DSBE jasotzen dutenei eta iraupen luzeko langabeei. Gizarte eta lan gaitasunei buruzko prestakuntzaren lehen fasea bi hilabetekoa izango da, eta, ondoren, kontratazioaren bigarren fasea hamar hilabetekoa (prestakuntza espezifikoarekin eta lan orientazioarekin batera), parte hartzaileen laneratzea sustatuz.