Atotxarrekako bizilagunen eskaerak aintzat hartuko ditu udalak
Donostiako Udalak Atotxarrekako zerbitzuak hobetuko dituela adierazi du Eneko Goia alkateak, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Bilera eskaera jaso eta onartu duela baieztatu du Goiak, eta laster egingo dutela gaineratu du. “Bizilagunen kexak justifikatuta daude, eta argi dugu arazo horiek konpondu behar direla”, nabarmendu du alkateak.
Atotxarrekako bizilagunek 625 sinadura aurkeztu zituzten udaletxean, eta sinadurekin batera euren aldarrikapenak helarazi zizkioten udalari. Gaur egun 229 etxebizitza daudela azaldu dute bizilagunek, baina gorakada hori ez dela zerbitzuak hobetzearekin batera etorri: “Autobus zerbitzu bat nahi dugu, kaleak garbi, zebrabide altuak, mantentze lan egokiak, argiztapena hobetzea, zuhaitz txorkoetan zuhaitzak jartzea, eta abar. Oro har, bizilagunok gure zergekin ordaintzen ari garen guztia, baina gaur egun ez daukaguna”.