Groseko eraikina husten ibili den ertzain batek talde polizial eskuindarrei lotutako eskumuturreko bat zeraman
Gaur goizean Ertzaintzak Grosen egindako hustean parte hartu duen ertzainetako batek, ‘La Delgada Linea Azul’ mugimenduaren eskumuturreko bat zeraman [lerro urdin mehea]. Lobby lana egiten duen talde honek, eskuin muturreko taldeekin lotura duela salatu dute mugimendu antifaxistek.
‘La Delgada Linea Azul’ leloa 2014ko abenduan sortu zen, eta Blue Lives Matter mugimenduak bere egin zuen; iruditeria bera partekatzen dute. Mugimendu hau Black Lives Matter mugimenduari aurre egiteko polizien mugimendua da, AEBetako nazionalista zuriekin lotuta. Poliziaren lanaren apologia egiten du taldeak, indarkeria kasuak minimizatuz, eta, beti ere, lobby eta presio lanak eginez. Ordea, eskuin muturreko talde biolentoek lelo hau erabili izan dute AEBetan.
Blue Lives Matter leloak polemika sortu zuen iazko martxoan, ETBn ertzain batek taldearen kamiseta bat eraman baitzuen soinean.
Grosen egindako hustean, hainbat herritarren kontra oldartu da Ertzaintza, borrekin kolpatuz. Tartean, albistearen berri ematean ari zen IRUTXULOKO HITZA-ko kazetari bat kolpatu dute, izterrean marka utziz.