Hotel berrien lizentziak mugatzeko prozedura abiatu du udalak
Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatu nahi du ostatu erabilerak arautzeko. Hotel berriak eraikitzeko lizentziak emateko mugak ezarri nahi dituzte. Zehazki, erabilera tertziarioko eraikinak hotel bihurtzeko prozeduretan. Izan ere, une honetan udalak ez du eskumenik lizentzia horiek ukatzeko.
Plan Orokorra aldatu ahal izateko azterlan bat egingo du udalak. Lan horiek lehiaketa publiko bidez adjudikatuko dituzte, eta aurrekontua 108.900 eurokoa. Adjudikaziodunak bi urteko epea izango du dokumentua idazteko.
Eneko Goia alkateak adierazi du, azterlan hori egitea beharrezkoa dela: “Lan sakona egingo da, eta horretarako, egungo errealitatea, hirian dauden plazak, beharrak eta eskaerak aztertuko dira, baita hainbat hiri adierazle ere konparazioa egin ahal izateko. Eta horrekin guztiarekin, udalak behar dituen elementu objektiboak izango ditu eskatzen diren lizentzia berrien gaineko erabakiak hartzeko”.
Hemendik aurrera, udalak jasotzen duen lizentziaren bat behin-behinean bertan behera utz dezakeela esan du Goiak. “Aldiz, dagoeneko lizentzia tramitatu duenari ezingo zaio kendu”.