GuraSOSek dio erraustegiak kutsaturiko urak itsasora isuri nahi dituztela
Azaroaren 27an manifestazioa egingo dute Donostian, eta datorren astean emango dituzte xehetasunak.
Zubietako Arkaitzerreka ibaian izandako kutsadura “larriaren” xehetasunak eta datuak eman ditu GuraSOS plataformak. Erraustegiaren lur azpiko uretan dioxinak eta metal astunak aurkitu dituztela frogatzen duten txosten publikoen berri eman dute. Eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) horren berri bazuela gaineratu dute.
Orain, GHK-k kutsaturiko ur horiek Zurriola hondartzara eta itsasora bideratu nahi dituela salatu du plataformak. Izan ere, GHK-k Uraren Euskal Agentziari baimena eskatu dio erraustegi azpiko urak Añarbeko Uren Loiolako araztegira ponpatu, eta ondoren Monpaseko hustubidetik isurtzeko. “Loiolako araztegiaren sistema ez da egokia kutsaturiko ur horiek arazteko, beraz, Zurriola inguruan dioxinak eta metal astunak isuriko dituzte”, azaldu du Joseba Belaustegik, GuraSOS plataformako kideak.
Gaur arratsaldean batzarra egingo du GHK-k eta eguneko “puntu bakarra” erraustegi azpiko ura ponpatzeko azpiegitura izango dela aurreratu du Belaustegik: “Bileran kideei ‘ingurugiro mailako afekziorik gabeko lixibiatuaren filtrazioaren’ inguruko informazioa emango diete; zehatzago esanda, hartutako neurri zuzentzaile eta prebentiboei dagokiona. Lau hilabetez behin eta berriz ezeztatu ostean, kontsortzioak orain onartu du ur hauetan kutsadura arazoa dagoela”.
GuraSOSen arabera, GHK-k berak eskatutako txosten publikoek “frogatzen dutela” azken bi urtetan dioxinak eta furanoak aurkitu direla lurrazpiko ur horietan, “onartutako kutsakortasun maila gogorreko balioak baino 34 eta 62 aldiz altuagoak, neurketen arabera” –Idom enpresak 2021ean egindako neurketen arabera–. Horrez gain, metal astunak, amonioa, kloruroak, fenolak eta TPH (hidrokarburoak) ere aurkitu direla dio txostenak. “Hauek denak ohikoak dira hondakinak erraustean, orokorrean eta zehazki plastikoetan. Lindanoa ere agertu da zenbait laginetan”.