Jolastokietan udalak 456 etxebizitza eraiki nahi dituela jakinarazi du Herripek
Herrerako auzo elkarteak batzar informatibo bat egin du hirigintza proiektu "basatiaren" berri emateko.
Donostiako Udalak 2019ko martxoa bukaeran eman zion hasierako onarpena Jolastokietako hirigintza planari. Zardoya Otis enpresak utzitako lursailean etxebizitzak egingo zituztela iragarri zuten. Bi urte luzeren ondoren, proiektuaren inguruko xehetasunik ez du eman udalak. Aldiz, Herripe auzo elkarteak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakin ahal izan du Jolastokietan 456 etxebizitza egin nahi dituzte. Urriaren 4an argitaratutako buletinean proiektuaren xehetasunak irakur daitezke.
Hori dela eta, auzo elkarteak bilera informatibo bat egin zuen atzo arratsaldean, Auzotegian. 30 bat pertsona elkartu ziren, eta hirigintza planari buruz aritu ziren. “Gure inguruan etxebizitzak egitea da lehentasuna, eta gainerako ekipamenduak zeharo baztertzen dituzte”, adierazi du auzo elkarteak. “Nahiz eta proiektu urbanistikoa zehazki ez ezagutu, zeren ez da inon publiko egin, daukagun informazioarekin gure posizioa erabat kontrakoa da”, gaineratu dute.
Jolastokietan etxeak egiteko udalak Plan Orokorraren aldaketa puntual bat egin beharko du. Horren ordez, auzo elkarteak udalari eskatuko dio hirigintza proiektuak Plan Orokor berriaren erredakzio prozesuan sartzeko. Horrekin batera, hirigintza plana “ahalik eta azkarren” ezagutzera ematea eskatu dute. “Gai honi aurre egiteko, talde bat osatuko dugu eskatzen ditugun aldaketak gauzatzeko eman behar ditugun pausoak antolatzeko”.