Papin eremuak izaera industriala mantenduko du
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Papin eremuko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa. Leku horretan etxebizitzak egitea aurreikusi zuen 2010eko Plan Orokorrak, baina aldaketa honen bidez izaera industriala mantenduko du. Papin Altza eta Pasai Antxo artean dagoen industrialdea da.
“Guk ez genuen argi ikusi etxeak egitearena, duen kokapenarengatik. EH Bilduren udal gobernua ere iritzi berekoa izan zen. Horregatik, izaera industriala mantentzearen alde egin dugu”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Horrekin batera, eremua birsortuko dute, gune publiko libreak handituz eta urbanizazioa hobetuz. Era berean, egun eremuan lur azpitik pasatzen den Molinaoko ubidea aire librera irekiko dute.
“Hiriak industriaren alde egiten duen apustu horretan urrats garrantzitsua da”, nabarmendu du Goiak. Eskusaitzeta da hirian eta Gipuzkoan metro koadro gehien dituen industrialdea, eta Papin eremuan egindako aldaketak industria berriak han kokatzea ekarriko du.