Arrantzaleei eta itsasoari eskainitako erakusketa aurkeztu du Aquariumak
Donostiako Aquariumak gaur inauguratu du Estitxu Ortalaiz artistaren Axalian (Azalean) argazki erakusketa. Aldi baterako egongo da ikusgai T gelan. “Itsasoari, arrantzari, Hondarribiari eta nire familiari eskainitakoa da”, adierazi du Ortalaizek.
Axalian esamoldea arrainak ur azalera hurbildu direla jakinarazteko erabili ohi da. Arrainak gose direla eta amuan erraz kosk egingo dutela, edo sarearekin erraz harrapatuko dituztela aditzera eman nahi du. Baina axalian horrek adiera gehiago ere baditu. Ur azalean itsasoko bizimodua islatzeaz gain, arrantzaleen eskuetako azalean itsasoa bera ere ikus baitaiteke. Eskuetako zimur bakoitzean eragin duten eguzkitan igarotako orduak, eguneroko lan gogorrak eta jasandako gau hotz eta luzeak.