Galtzeak ere bazuen saria
Txuri-urdinak Europa ligako final-zortzirenetan izango dira, E multzoan lider bukatu ondoren.
Irabazi ezin bada, galera ez dadila erabatekoa izan. Realak eskura zuen helburua, eta hori lortzeko aukerak bi ziren: irabaztea edo galtzekotan gol bakarragatik izatea. Bigarren baldintza bete zen atzo, Anoetan, eta txuri-urdinak Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatu ziren –martxoan jokatuko dira, Munduko Txapelketaren ostean–.
Dena dela, ez zen batere erraza izan aipaturiko helburua betetzea. Manchester United arerioak gauzak zail jarri zituen, markagailuan aurretik jarri zen Garnacho gaztearen bidez, eta errenta handitzeko aukera garbiak izan zituzten –Cristiano Ronaldok ate aurrean huts nabarmen bat egin zuen–. Reala, ordea, sendo aritu zen defentsan, eta partida berdintzeko aukera paregabeak izan arren –Gorosabelek eta Marin gazteak, batez ere–, ez zuen De Gearen atea zulatzea lortu.
Azkenean, 0-1 bukatu zen norgehiagoka, eta bi taldeen Europako ibilbidea zein izango den argitu zen. Reala final-zortzirenetan izango da, eta Manchester Unitedek final-hamaseirenetako kanporaketa gaiztoa jokatu beharko du.