Gladys del Estal militante ekologistaren iruditegian inspiratutako lan bat argitaratu dute
Andoni Olaetxea eta Telmo Trenorren 'Paperezko Mila Eguzki' EPa kalean da jada.
Egiako musikariak dira Olaetxea eta Trenor. Txikitatik ikusi dituzte militante ekologistaren aldeko kartelak eta omenaldiak. Beti oso presente izan dute Gladys del Estal, eta haren iruditegian oinarritutako lan bat argitaratu dute. Cassette formatuan eta formatu digitalean eskura daiteke jada.
Lau abestirekin osatu dute bilduma. Bata, diskoari izena eman diona: Paperezko mila Eguzki. Andoni Olaetxeak sortu, idatzi eta kantatu duen kanta da. Joan den ekainean Gladys del Estalen omenaldian aurkeztu zuen jendaurrean, eta lehen aldiz jo zuen bakarrik.
Ekainean sareetan diskoaren beste kanta bat zabaldu zuten: Que se vayan ya los yankis. Gladys del Estalen omenaldietan entzuten den jota herrikoi baten birmoldaketa da. Telmo Trenorrek Olaetxeari proposatu zion jota honen bertsio “modernoago bat” egitea. Ibil Bedi taldeko Amets Aranguren eta Areta Senosiain animatu ziren abestera, eta haiek jarri diote ahotsa. Beste bi kantak Bardeetan eta Egiako parkean grabatutako soinuekin konposatu dituzte.