Grosen sukalde komunitarioa irekitzeko proba pilotua egingo dute
Herrerako Sukalde proiektuaren ildoari jarraituz, sukalde komunitarioa egin nahi dute Grosen. Galtzagorri izango da egitasmoaren izena, eta tokiko produktuak prestatzeko zerbitzu komunitarioa sortu nahi dute, auzoko jendeak bertako ekoizleen eta auzoko denden elikagaietarako sarbidea izan dezan. Hilaren 9an, 19:00etan bilera irekia egingo dute Marruma elkartean, egitasmoa hobeto azaltzeko.
Helburua da tokiko elikadura iraunkorraz elikatzea, “erosteko ahalmena edozein dela ere”. Horretarako, elikagaiak taldean prestatuz eta auzoan dauden azpiegiturak erabiltzen dituzte eta, kasu honetan, Marruma elkartean, ezaugarri eta helburu hauek dituen zerbitzu komunitarioa sortu nahi dute: “Profesionalizatua, jasangarria eta eraginkorra, irabazi asmorik gabekoa eta etikoa”.
Egitasmoak proba pilotu bat egin nahi du auzoan, azaroaren 21etik abenduaren 1era bitartean. Horrela, menuak bi astez banatuko dituzte, Herrerako sukalde komunitarioan prestatuz. Bi aste horietan janaria jasotzeko eta aukeratutako menuari dagokion kuota ordaintzeko konpromisoa hartu besterik ez da egin behar. Ondoren balorazio bat egingo dute, eta urtarrilean erabaki ea bertan sukaldaritza gune autonomo bat abiatuko den, edota banaketa puntu bat jarriko duten.
Basajaun elkarteak sustatu du egitasmoa, eta hauen ustez gaur egungo kontsumo ohiturekin, “nekez aukera dezakegu kontsumitzen dugun produktuaren jatorriari eta etikari buruz, batez ere familia ekonomia edo norbanakoaren ekonomia eskasa den kasuetan, eta, horren ondorioz, elikagaiak kontsumitzera eta ekoizpen egiturak elikatzera bultzatzen gaitu”.