San Martin eguna hirugarrenez ospatuko dute
Duela zenbait urte, Erdialdeko San Martin auzoko jaiak ez ziren egun bakarrera mugatzen. Azken urteotan, ordea, ostalaritza arloko negozioek bezeroei odolki pintxo bat emateko tradizioari baino ez zioten eutsi. Hori mantendu eta osatzeko, San Martin Auzoa egitasmoa egun osoko egitaraua antolatzen hasi zen 2020an, auzo elkartea sortu zuten urte berean.
Ostiralean, hilaren 11n, hirugarrenez ospatuko dute San Martin eguna, eta aurreko biak pandemian izan zirenez, aurten normaltasun osoz egin ahal izango dute. Goizetik iluntzera bitarteko egitaraua prestatu dute:
- 09:00-10:30. Txistularien diana. Donostiako Udaleko Txistulari Bandak hainbat geldialdi egingo ditu auzoan. Geldialdiak danborraden egoitzetan izango dira, San Sebastian egunean auzoko establezimenduetan jantziak erakusteko aukera eman zietelako. Londres hotela izango dute abiapuntu, eta azken geldialdia Garagune izango da, beraien lankidetza eta laguntza eskertzeko.
- 11:00-12:00. Irratsaio berezia egingo du Habla Radiok, Biarritz jatetxetik.
- 12:30-13:30. Omenaldia, Convent Garden gunean. Ekitaldi pribatu honetan Espolosin Harategia omenduko dute, San Martin Auzoan egindako ibilbideagatik eta antzinatasunagatik. Iñigo Manterolak Elkartearentzat sortu zuen eskulturaren erreplika bat emango diote. Ondoren, aperitiboa.
- 13:30-15:30. Odolki dastaketa. San Martin Auzoko ostalariek odolki pintxoa eta txerriarekin lotutako aperitiboa eskainiko die bezeroei. Txerritxo gorri batek identifikatzen ditu establezimendu horiek.
- 18:00-19:00. Laterne Sankt Martin, Deutsche Schule-ko haurren desfilea. Kale argiekin festa horretako kanta alemaniar ezagunak abestuko dituzte.
Historikoki, Aldapetaren, Easo kalearen eta Londres hotelaren artean dagoen eremua izan da San Martin auzoa, baina urte luzez auzo izaera galdu du, Erdialdearen barruan egon baita. 2020an San Martin Auzoa egitasmoa sortu zuten hainbat merkatarik, auzoa bera biziberritzeko.