Abiatu da Familia Laguna egitasmoa Intxaurrondon
Ongi Etorri Eskolarak antolatuta, Famila Laguna egitasmoko kurtsoko lehen bilera egin dute astelehenean Intxaurrondo Ikastolan. Beste herrialde batetik etorritako familiak eta bertakoek elkar ezagutzeko aukera izan dute, kulturartekotasunean ikasteko asmoz.
Familia Laguna hezkuntza eta komunitate esparruan garatzen den kulturarteko familia akonpainamendu programa bat da, beste herrialde batzuetatik etorri berriak diren familiak adin bereko seme alabak dituzten familia euskaldunekin harremanetan jarri eta elkartzen dituena. Zazpi ikastetxek hartzen dute parte Donostiako familia laguna egitasmoan: Aitor ikastola, Intxaurrondo ikastola, Zuhaizti eskola, Maria Reina eskola, Amara Berri eskola, Orixe ikastola eta Jakintza ikastola, hain zuzen.
2014an sortu zen programa hau, Egia auzoko Aitor Ikastolaren hezkuntza komunitateko kide ziren familien arteko kulturarteko harremana lortu nahi zuen gizarte arloko ama profesionalen talde baten ekimenari esker.
Esperientzia berritzaile eta boluntario horren arrakasta handiaren ondoren, proiektu profesional bat eratu zen, Elkarrekin gizarte-ekimeneko kooperatibaren bidez eta, Donostiako Udalak lagunduta, beste zentro batzuetan ezarri da, hiriko sei auzotara eta Gipuzkoako hainbat udalerritara iritsi arte. 2021ean programan parte hartu zuten familien kopurua 221 familiakoa izan zen (bertakoak eta iritsi berriak), jatorri anitzak adierazi zirelarik; 35 herrialde eta 45 hizkuntza desberdin barne hartuz.