Arantzazuko Ama ikastola inguruko segurtasuna hobetzeko lanak hasi dituzte
Ibaialde kaleko espaloia zabaldu eta ikastetxe pareko zebrabidearen maila igoko dute, besteak beste.
Udal gobernua urriko osoko bilkuran iragarritakoa betetzen ari da. Martuteneko Arantzazuko Ama ikastola inguruko segurtasuna “epe laburrean” hobetuko zutela adierazi zuten. Izan ere, urtarrilean auto batek ikastetxeko hesiaren kontra talka egin zuenetik, ikastolako arduradunak, gurasoak eta auzotarrak kezkatuta daude Martutene kaleko segurtasun faltarekin.
Hamar hilabete beranduago, udalak premiazko neurriak hartu ditu, eta hainbat lan egingo dituzte ikastolaren inguruan. Batetik, Ibaialde kaleko espaloia zabaltzen hasi dira. Horretarako, hainbat aparkaleku kenduko dituzte. Bestetik, Martutene kaleko ikastetxe pareko zebrabidearen maila igoko dute, ibilgailuek euren abiadura gutxitu dezaten. Horrez gain, Marie Curie parkea berrituko dute, ikastolako haurrek segurtasunez erabil dezaten. Parkea ikastolaren parean dago, eta, une honetan, futbol zelaira joateko bide seguruena da.
Baranda luze bat
Premiazko neurrien artean ez dago Martutene Bizirik plataformak eskaturikoa. Ikastola pareko espaloian baranda luze bat jartzeko eskatu zioten udalari, baina ez dute aintzat hartu. “Espaloi horretatik pasatzen dira goizean, eguerdian eta arratsaldean ikasle guztiak. Oso arriskutsua da”, azaldu dute.