Astiñeneko zubi berria urte bukaerarako irekitzea aurreikusten du udalak
Duela hiru urte hasi zituzten lanak, eta atzerapenak atzerapen, iragarritako epeak ez dira bete.
Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriko lanak bukatzen ari dira. Azken egunotan asfaltatu dute zubiaren errepidea, eta pasabideetan barandak jarri dituzte. Horrela ere, Donostiako Udalak aurreikuspenak emateari utzi zion irailean, beste atzerapen baten berri eman ostean.
Ordutik, udala ez da ausartu aurreikuspen berririk ematen, gaur arte. Eneko Goia alkateak adierazi du urtea bukatu baino lehen irekiko dutela zubia: “Ez dakit arrisku hau hartu nahi dudan, baina zinegotzi delegatuak [Duñike Agirrezabalagak] atzo bertan agindu zidan urte bukaerarako erabilgarri egongo dela”. Gaineratu duenez, bost egunetan eta gauez bide mozketak egingo dituzte errepidea zubi berriarekin lotzeko.
Gogoratu behar da Astiñeneko zubi berriko lanak 2018an adjudikatu zituztela, 3,2 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2020an irekitzea aurreikusten zutela orduan. 2019an hasi ziren lanekin, eta ordutik atzerapen ugari izan dituzte, pandemia tarteko.