Bretxako baserritarren postu berriak martxorako prest egongo dira
Kristalezko pergola batean kokatuko dituzte, Arkuak eraikinaren atzealdean.
2019ko martxotik Arrandegi eraikinaren aurrean daude baserritarren behin-behineko postuak. Ordutik, hiru urte luze pasa dira, eta itxaronaldia laster bukatuko dela iragarri du Donostiako Udalak. Izan ere, 2023ko martxoan behin-betiko kokalekua izango dute baserritarrek. Gainera, kristalezko pergola bat izango dute Bretxako plazan. Lanak urtarrilean hasiko direla esan du Eneko Goia alkateak.
Postu bakoitzak gehienez 5 metroko zabalera eta gutxienez 3,50 metroko altuera librea izango du. Kristalezko egitura osoak Bretxako merkatuaren aurrealdearen zabalera hartuko du, eta hormatik 20 zentimetrora egongo da, postu bakoitzaren markesina ixteko elementuek aurrealdea ez ukitzeko. Hain zuzen ere, postuak ireki eta itxi ahal izango dira plazako eremu hori gauetan libre uzteko.
Goiak nabarmendu duenez, baserritarrak “protagonistak” izango dira Bretxako plazaren berrantolaketa berrian: “Berrantolatzen horren bidez, gaur egun plazaren erdian dagoen tupper itxurako egitura desagertuko da, eta donostiar guztiok gozatzeko plaza ireki berri bat sortuko da”.