Euskaraldiaren olatu handirako azken txanpa
Euskaraldia hasteko hamar egun falta direnean, ariketan parte hartzeko deia egin dute gaur egitasmoaren antolatzaileek eta gizarteko arlo hainbat lagunek San Telmo museoan egindako agerraldian. Izen-ematea erritmo onean doala aipatu dute ekimenaren koordinazio mahaiko kideek eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere masiboa izango dela ziurtatu dute.
Gaurko agerraldian kultura, kirola eta komunikazio arloko hainbat lagunek parte hartu dute Euskaraldian parte hartuko dutela azalduz. Euskaraz aritzeko gaitasuna duten euskal herritarrak azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 15 egunez, ahobizi edo belarriprest roletan aritu daitezen gonbitea egin dute. Maialen Chourraut, Joseba Usabiaga eta Xabier Saldiasekin batera, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuorde Miren Dobaran, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregi, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek eta Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren ordezkari Zilia Heredia Hirigoyenek ere parte hartu dute prentsaurrekoan.
Dobaranek adierazi duenez azkeneko ikerketa soziolinguistikoaren emaitzak ekarri ditu gogora, 700.000 euskal hiztunetik, milioi bat euskaldunen langa pasatzera igaro dela gogora araziz: “Etxean euskara jasotzen ari den inoizko belaunaldirik handiena dugu egun”. Albiste on horren ondoan, ohituretan “zailtasuna” dagoela adierazi du, eta euskaraz “aritzeko” guneak sortzen jarraitu behar dela uste du. Horretarako da hain zuzen Euskaraldiaren “olatu handia”, Dobaranen esanetan.
Ideia hori nabarmendu du Amonarrizek: “Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat”, hizkuntz ohituretan aldaketa eragiteko egitasmoa, baizik. Hori da euskaraldiak erakutsi duena, Amonarrizen ustez: “Zein da zure erronka? Non nahi duzu urratsa egin?”. Galdera horiek egitera gonbidatu du Amonarrizek, “asmoak konkretatu” eta “bizipenak izateko”.
Herritarren babes zabala
Erakunde publikoen eta gizarte erakundeen babes zabalaz gain, herritar ezagun ugariren babesa jaso du Euskaraldiak. Xabier Saldias aktoreak bat egin du egitasmoarekin, eta gogoratu du duela 50 urte euskaraz berbena bat sortzeko egindako apustua. Baikor agertu da abeslaria: “Donostiara bizitzera etorri ginenean guk bakarrik egiten genuen euskaraz, eta orain askoz gehiago entzuten da!”.
Usabiagak adierazi du berarentzat “erraza” dela euskaraz bizitzea, Tolosakoa baita. Kontatu duenez, ordea, bere amak oso gutxi daki euskaraz, eta Euskaraldia aprobetxatu nahi du harekin ohitura aldatzeko. Hartuko duen konpromisoetako bat izango da belarriprest txapa duen jendeari euskaraz egitekoa, “suabe eta poliki”, baina euskaraz.
Maialen Chourraut kirolariak kontatu duenez, Bartzelonan hamabost urtez bizi izan ostean, duela bi urte itzuli zen Donostiara, eta, orduan, naturalki egiten zuen euskaraz, bere ama hizkuntza delako. Denborarekin, ordea, galdu egin du ohitura, ez zuelako euskara jasotzen bueltan, eta, adierazi duenez Euskaraldiarekin konpromiso hori berrartu nahi du: “Lehen hitza beti euskaraz egiten saiatuko naiz”.
Txaparen garrantzia
Euskal Herriko laurehun herri baino gehiagotan txapak banatzen hasi dira jadanik Euskaraldia batzordeetako kideak. Milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dira ariketa soziala hasi arteko azken bi asteetan. Izena eman duten eta hurrengo egunetan izena emango duten kide guztiek 15 egunotan txapak jantzita eramateko deia egiteko baliatu da gaurko prentsaurrekoa.
Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan eta, horregatik, ariketan zehar txapa erabiltzeko gonbita egin dute ekimenaren bultzatzaileek.
Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko deiari jarraituz, hurrengo egunetan kaleak janzteko gonbita ere egin da, eta horretarako hainbat baliabide eskaini: leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak edo Euskal Herrian zehar zabaldu diren milaka kartelak. Gainera, herriz herri ehunka ekitaldi antolatzen ari direla azaldu da.
Partaideen erronkak, hizkuntza ohiturak aldatzeko abiapuntu
Azken dei bat ere egin dute gaurko prentsaurrekoan: partaide guztiei hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzera animatu dituzte herritarrak, euskarazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko erronka zehatzak jartzea lagungarria dela azpimarratuz.
Azken hilabeteetan herriz herri martxan egon diren Hitzez Ekiteko ekitaldietan Euskaraldiaren aurreko edizioetan izandako lorpenak eta hirugarren Euskaraldirako proposatutako erronkak azaleratu dituzte milaka hiztunek.