Imanol oroitzeko beharra
Azaroaren 11n Imanol Larzabal musikari donostiarrak 75 urte beteko lituzke (Antigua, 1947 – Alacant, 2004), eta hura oroitzeko hainbat egitasmo antolatu dituzte Imanolen Lagunak herri ekimenak eta Donostiako Udalak elkarlanean.
Figura polemikoa izan zen Larzabal, eta bizitza “harrigarria” izan zuen, gure herriko historiako pasarte ugaritan parte hartuz: ETAko kide frankismoaren kontra, iheslari Parisen, Sarrionandiaren ihesaldia bere bafleetan egin zen… 1980ko hamarkadan, aldiz, ETAk egindako Yoyesen hilketa kritikatu zuen, haren omenez kantatuz. Kritika handiak jaso zituen orduan, eta ETAren izenean hainbat pintada agertu ziren Intxaurrondon “traidore” deituz, eta hiltzeko mehatxuak eginez. Urte luzez “giro itogarria” bizi ostean, Espainian bizitzeko hautua egin zuen, bertako giroaz gogaituta.
Kantugintzan eta poesiagintzan erreferente izateaz gain, “erreferente etikoa” da Ion Insausti kultura zinegotziarentzat, “hika-mika politikoen” garaian, batez ere. Egunotan antolatu dituzten jarduerak honela definitu ditu Insaustik: “Desberdintasunetik besarkada handia eman nahi dio hiriak”.
Harkaitz Millan Gipuzkoako kultur diputatuak antzera nabarmendu du Larzabalen figura: “Frankismoaren totalitarismoari eta ETAren totalitarismoari aurre” egin ziolako da eredu Millanentzat. Imanolen Lagunak herri ekimenari eskerrak eman dizkio, eta Antiguan egindako lana goraipatu du: “Garai batean kale horietatik bota nahi izan zutelako”.
Joxan Goikoetxea musikariak dokumentalaren eta musika ikuskizunaren xehetasunak azaldu ditu. Dokumental, On Time ekoiztetxeak egin du, ETBren eta Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta elkarrizketa ugarik aberasten dute kantari donostiarraren figuraren oroimena. “Lagun eta langile” gisa definitzen da dokumentalean, eta Goikoetxearen ustez hori da Larzabalen esentzia: “Nagia sartzen zaidanean, nire buruari modo Imanol jartzeko esaten diot, lanerako prest beti”.
Imanolen lagunak eta dokumentala
2004. urtean, Imanol hil ondoren, abeslariaren oroimena bizirik mantentzea helburu zuen pertsona talde bat sortu zen Imanolen lagunak izenarekin. 2007an Lugaritz Kultur Etxeko antzokiak Imanol Larzabal aretoa izena hartu zuen, hain zuzen haien lanari esker. Data horretatik aurrera eta 2014ra arte, talde horren eta Donostia Kulturaren arteko lankidetza hasi zen. Lankidetza horrek urteroko hainbat ekitaldien antolakuntzan eman zuen fruitua Imanol Oroituz izenburupean, abeslariaren alderdi artistikoa eta gizatiarra gogora ekarriz.
Maite Berzosak, Larzabalen lagunak, Imanolen memoria aldarrikatzeko beharra nabarmendu du: “Ahazturaren kontrako jarduna da gure egitekoa: memoriaren alde eta ahanzturaren kontra”.
Ostiralean, hilaren 11n, 19:00etan, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, On Time Ekoizpenak-ek produzitutako Imanol: Azken Kontzertua dokumentala proiektatuko da. Javier Gutierrez errealizatzailearen eta Iñigo Kintana zuzendariaren lanak sortzaile eta abeslariaren ibilbidea errepasatzen du, “batez ere bere kultur ekarpenari garrantzia emanez”.
Imanolen gertuko hainbat pertsona ezagunek parte hartu dute dokumentalean, Antton Valverde kantariak, Maite Berzosa lagunak eta Joseba Sarrionandia preso ohiak tartean. Xabier Amurizaren hitzak ekarri dituzte: “Ezin dut etorkizuna iragarri, eta ez dakit zer geldituko den 40 edo 50 urte barru; Imanol horietako bat izango da”.
Azaroaren 12an, Antiguan kantari
Azaroaren 12an, larunbata, trikitilariek lagundutako Kantu Jira bat abiatuko da 12:00etan Antiguako Bentaberri plazatik. Imanoli eskainitako mural bat dago bertan. Kalejira ostean, partaideak 14:00etan Txirain elkartean antolatu den bazkari herrikoira zuzenduko dira. Bazkarirako izen ematea ondorengo helbide elektronikoan: imanoloroituz@gmail.com.
Azaroaren 12an ere, 19:00etan, kontzertu berezia izango da Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, eta ondorengo artista hauek hartuko dute parte: Amaia Zubiria, Olatz Salvador, Maria Amolategi, Olatz Prat, Joxan Goikoetxea, Txema Garces, Iosune Marin, Telmo Trenor eta Beñat Mujika. Sarrerak Viktoria Eugenia Antzokiko, Antzoki Zaharreko eta Lugaritz Kultur Etxeko leihatiletan eros daitezke, baita Donostia Kulturaren webgunean ere.