Turismo bulego berria udaletxean jartzeko lanak adjudikatu dituzte
1,9 miloi eurokoa da aurrekontua, eta obra egiteko epea zortzi hilabetekoa da.
Donostiako Udalak Turismo bulego berriaren obra adjudikatu dio Altuna y Uria eraikuntza enpresari. 1.883.353 eurokoa da aurrekontua, eta lanak bukatzeko epea zortzi hilabetekoa da. Eneko Goia alkateak esan du obra laster abiatuko dutela. Udalaren aurreikuspenen arabera, uda ondoren irekiko dute.
Bulego berria udaletxearen beheko solairuan jarriko dute, eraikinaren ekialdean. 886 metro koadroko espazio batean kokatuko dute, baina bulegoak 651 metro koadro hartuko ditu bere zerbitzuak eskaintzeko.
Bi sarbide izango ditu, eta biak eraikinaren ohiko sarreretatik bereizita egongo dira. Hortaz, Bulebarretik eraikinak zuen sarrera berreskuratuko da, Pilatoren balkoiaren azpian. Bigarren sarrera, berriz, Alderdi Ederreko terrazan egongo da, eta horretarako, liburutegira sartzeko igogailua aldatuko dute.
Hiru gune izango ditu bulegoak: sarrera, arreta turistikoa eta informazioa, eta kudeaketa bulegoak. Sarreran, harrera gunea, materiala saltzeko gunea, eta aldi baterako erakusketak edota eskaintza turistikoak egiteko gunea egongo dira.
Udal gobernuak 2020ko urtarrilean eman zion argi berdea proiektuari, eta martxoan zehaztu zuten 1.460.021 euroko lizitazio aurrekontua. Ordea, nabarmen igotzea erabaki zuten materialen prezioen igoerarengatik.