Aurtengo Feministaldiak badu data: azaroaren 30etik abenduaren 3ra izango da
Donostiako jardunaldi feminista garrantzitsuenak bueltan izango dira azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitarte. Aurten ere Tabakaleran izango dira, eta oraingoz kartela eta leloa besterik ez dituzte aurkeztu.
‘Ahoa Narras’ da aukeratu duten izena jardunaldi hauetarako, eta testu iradokitzaile batekin zabaldu dute afixa. Narrasten diren gorputzek uzten duten arrastoari aipamena egiten diote bertan, eta arrasto horiei esker egin daitekeen artxibo eta genealogia lana nabarmenduz. Beti ere, “potentzia eraldatzailez gainezka” dagoen espaziora bidea egiteko.
Joan den maiatzean kontatu zutenez, Azala espazioarekin (Lasierra, Araba) elkarlanean aritu dira, bertan topaketa bat eginez. Honela iragarri zuten orduan: “Han elkartuko gara, Mikorrizak programaren barruan, lagun eta pentsalari feministekin azaroaren bukaeran datorren jaialdiari elkarrekin forma ematen hasteko. Feministaldiaren lantaldeaz gainera, Mijo Lizarzaburu, Paloma Chen, Mirari Echavarri eta Idoia Zabaleta izango dira topaketan”.