Greba mugagabea hasi dute Kursaaleko garbitzaileek
Kursaal Elkarguneak azpikontrataturiko Vectalia enpresako langileak dira, eta lan baldintzak hobetzea eskatu dute.
Astelehenean hasi zuten greba mugagabea Kursaaleko zazpi garbitzaileek. Beraiek arduratzen dira eraikineko garbitasuna bermatzeaz, eta 2019. urtetik izoztuta dute soldata. Vectalia enpresarekin negoziatzen aritu dira lan hitzarmena hobetzeko, baina oraindik ez dira ados jarri. Erosteko ahalmena bermatzea eta lan baldintzak hobetzea eskatu diote enpresari.
Lan gatazka desblokeatzeko, Kursaal Elkarguneko arduradunei bilera bat eskatu zieten langileek, baina eskaera horri uko egin zioten. “Hau guztia konponduko litzateke Kursaal Elkarguneak kontratuen baldintza agirietan aurrekontua handituta”, azaldu dute garbitzaileek.