Desgaitasunen bat duten 60 atletak baino gehiagok parte hartuko dute Behobia-Donostian
Kemen elkarteak antolatuta, desgaitasunen bat duten kirolarien 37. lasterketa egingo dute Behobia-Donostia lasterketaren barruan. Fernando Mitxelena elkarteko lehendakariak normaltasunera buelta ospatu du, eta igandeko datu eta oharrak zabaldu ditu.
200 boluntarioren lana goraipatzen hasi du agerraldia, “ez baita erreza gisa honetako lasterketa bat antolatzea: Autobus egokitu bat, lau mikrobus egokitu, bi furgoneta egokitu eta kamioi bat erabiltzen ditugu atletak eta aulki eta esku bizikletak mugitzeko. Ez da lan makala!”.
Fortuna Elkarteari eta Behobiako lantaldeari eskerrak eman dizkio, 37.enez bertan parte hartzen uzteagatik: “Lasterketa hau da gure sentsibilizazio jardunaldirik handiena, gure existentzia erakusten du, eta, batez ere, gure gaitasunak”.
Parte hartzeari dagokionez, ondoko datuak eman dituzte. Gurpildun aulkien lasterketan lau gizonezko ariko dira, esku bizikleta lasterketan hamazazpi gizonezko eta hiru emakumezko. Desgaitasun bisualeko B1 kategorian hamar pertsona ariko dira, eta B2 kategorian hogei lagun –ez dute bereizi gizon eta emakumeen kopurua. Oinezkoen kategorian, berriz, zazpi izango dira parte hartzaileak, eta gorren kategorian hiru.
Gurpildun aulkien kategoria da zailena, Mitxelenaren ustez, “aldapak edukitzeak ez du batere laguntzen”. Izen emateak beti izan dira baxuak kategoria horretan, eta “desagertzeko zorian” dagoela uste du. Beste kategorietan ez da horrela; atleta itsuen kasuan, adibidez, bikoiztu egin da parte hartzaile kopurua.
Nabarmendu duenez, lehen aldiz izango dira hiru emakume esku bizikleta modalitatean, eta iaz banatu ezin izan zen saria emango dute lehen aldiz: Ione Basterra saria, hain zuzen. Basterra, 2o19an zendu zen esku bizikleta korrikalaria zen, eta haren omenez jarri zuten sariaren izena.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak ere eskerrak eman dizkio Kemen elkarteari, bai eta Behobiako antolatzaileei, kirolean inklusibitatea lantzeagatik: “Harro egoteko moduko egiteko modua” goraipatu du Peñak.