40 kanta Imanol oroitzeko
Poeta Kaxkarra, Mendian Gora, Ilun-ikarak, Mayo, Lau Haizetara, Maita nun zira… Hamaika dira Imanol Larzabal kantari donostiarrak utzi zituen kanta gogoangarrien bilduma. Bere jaiotzaren 75. urteurrenean, 40 kanta batu dituzte, eta bere figura oroitzeko hainbat idatzi jaso, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak kaleratu duten disko-liburua.
Anjel Valdesek egin du hautaketa. Aproposenetakoa da bera, Imanolen hainbat diskoren ekoizpen arduraduna izan baitzen, Elkarren lan egiten zuenean. Imanolen karisma eta laguntasuna oroitzeaz gain, poesia azpimarratu du Valdesek, “baina ez irakurtzekoa: bizitza poetikoa eramaten saiatu zen, ameslaria”. Imanolek kantuek beti bilatu zuten “pertsona hobeago bat eta mundu hobeago bat”. Ondare honek horretan lagundu gaitzakeela uste du hain zuzen: “Mundu hobeago bat lortzen saiatzen”.
Parisko kultura ekarri zuela kontatu du Karlos Gimenez musikariak: “Bera beti zegoen modernotasunaren bila, poema eta liburu berrien bila beti”. Gimenezek nabarmendu du Larzabalen aldatzeko gaitasuna, disko batetik bestera aldatzen zituela perspektibak; “beti zerbait berriaren bila, rockzaleak ere izan ginen!”. Bien artean zuten harreman berezia gogoratu du –bi disko egin zituzten elkarlanean, Alfonsina Storniren omenezko bat eta Orixeren bertsioekin beste bat–, beste gauza askoren artean. Amaitzeko, Gimenezek Imanolen amaiera “krudela” ekarri du gogora: “Hori ezin da ahaztu. Eta ezin da barkatu. Gauza batzuk barkatu behar dira, baina nik ezin dut barkatu”.
Disko-liburua Elixabete Garmendiaren, Karlos Gimenezen, Felipe Juaristiren eta Anjel Valdesen testuek osatu dute. Imanolen biografia txikiaz gain, bere lagunek partekatutako istorioak jasotzen ditu lanak. Antologiaren garrantzia azpimarratu du Harkaitz Millan kultura diputatuak: “Lehen aldia baita honelako lan bat kaleratzen dena, erakundeen laguntzaz”.
Larzabalen figura “ahaztuta eta baztertuta” egon dela sentitzen du Millanek, eta bere figuraren garrantzia belaunaldi berriei heltzeko ahaleginak egin behar direla uste du.
“Egun alai bat da gaurkoa”, amaitu du Valdesek: “Eta Imanoli gustatzen zitzaion modura amaitu dezagun, afari on bat, txupito batzuk eta kantuan jar gaitezen”.