Scala berria estreinatu du Tabakalerak: 'Kritika Instituzionala Haurtzaindegirako'
Tabakalerako eskaileretako soinu instalazio berria ikusgai dago gaurtik aurrera. Ikusgai baino, entzungai, eta Ragnhild May artista danimarkarraren eskutik, urteko hirugarren instalazioa da honakoa. Otsailaren 26ra arte egongo da, ohikoa den eran, etengabe 09:00etatik 22:00etara.
Kritika instituzionala haurtzaindegirako instalazioak haurren hezkuntzari, txirulen historia kulturalari eta gorputzaren eta musika tresnaren arteko harremanari buruzko gogoeta egiten du. Pinu eta haritzezko bi txirulak osatzen dute, eta txirulentzako konposizio polierritmikoa duen kanal anitzeko soinu instalazio batek, artistak diseinatutako eta ordenagailuz kontrolatutako txilibitu instrumentu batekin egina.
Kontatu dutenez, ordenagailuz kontrolatutako tresnak polierritmo oso aurreratuak ahalbidetzen ditu: “Hain erritmo konplexuak non gizakientzat ezinezkoak edo jotzeko oso zailak diren, baina ordenagailu baten bidez sortzeko errazak, ondorioz digitala analogikoarekin nahastuz edo txirulentzako techno musika sortuz”.
Musika tresnak gorputzaren hedapen gisa har daitezkeela uste du Mayk. Gizakiak, adibidez, “ahoa eta eskuak erabiliz txistu egin dezake; beraz, flauta batek gorputzaren luzapen naturala dirudi. Instrumentua protesi mota bat izan daiteke, gorputzarekin sinbiosi ziborgiarrean dagoena”.
May artistak, ikusopegi feminista txertatu du bere musika ikerketan. Bere ustez, mendebaldeko instrumentu tradizionalak estetika batera egokitzen dira, kultura aldetik gizonak nagusi diren mendebaldeko kanonaren barruan: “Mendebaldeko musikako instrumentu nagusia, pianoa, gizonezkoen esku ertain baten tamainarako diseinatuta dago; are gehiago, mendebaldeko musika tresnak urritasun fisikorik gabeko gizonarentzat diseinatuta egon ohi dira”. Beste praktika instrumental mota bat imajinatzeko gonbita egiten du Mayk bere lanaren bidez.
Txirula izanik aurkitu den giza instrumenturik zaharrena –40.000 urte inguru ditu eta mundu osoko kulturetan ageri dira–, Mayk oinarri gisa hartu du, aipatu soinu ikerketa egiteko. Gaur arratsaldean, hain zuzen, Juan Mari Beltran euskal musika tradizionalaren ikerlari garrantzitsuenarekin batera, kontzertu inprobisatua egingo dute Mayk eta Beltranek, txirula eta bestelako elementu elektronikoak oinarri hartuta.