"Amable izugarria da. Amableren obrak behar du begiratzea. Amablek deitu egiten zaitu"
Maru Rizo (Egia, 1944) Gaur taldeko Amable Arias artistaren (Bembibre, Leon, Espainia, 1927 - Donostia, 1984) bikotekidea izan zen Ariasen bizitzako azken hamalau urteetan. Bere musa, inspirazioa eta mezenas ere izan zen. Ordea, gizon ezagun baten bikotekide ohia baino askoz gehiago da Rizo: militante feminista, arte dibulgatzailea, Egia auzoan oso inplikatuta egondakoa eta saltsa askotan sartutako emakumea. Egiako Tejeria kalean duen estudioan dauka Ariasen obra, arte galeria bat balitz bezala, eta estudioko atea ireki dio IRUTXULOKO HITZAri.

Amable Ariasen ‘Teatro Principal’ seriea dohaintzan eman diozu San Telmo museoari. Nolakoa izan da prozesua?
Egun batean, Mikel Lertxundi etorri zen [arte historialaria eta 2023an egitekoak diren erakusketako komisarioa], eta serie horretako hainbat marrazki erakutsi genizkion. Halako batean, bere besoari begiratu zion, eta nik pentsatu nuen ordua begiratzen ari zela, joan behar zuelako. Ordea, esan zidan ezetz, ileak puntan jarri zitzaizkiola. Horrek eraman gintuen San Telmo museoan egin genezakeen erakusketa bati buruz hitz egitera.
Handik denbora batera, museoko arduradun Susana Soto etorri zen seriea ikustera eta erakusketari buruz hitz egitera. Susana hemen zegoela, bururatu zitzaidan serie horrekin zerbait berezia egin behar genuela, Antzoki Zaharreko lanak direnez, obra kolektibo baten moduan ikusten nuen. Obra nire jabetzakoa izan ordez, bururatu zitzaidan horrekin hautsi behar genuela, eta obra horrek Donostiako herritarrena izan behar zuela. Susanari planteatu nion, eta esan zidan oso ideia polita iruditzen zitzaiola; hala egingo genuela. Gustatzen zait horrela egin izana, nik dagoeneko urte asko ditudalako, eta pentsatzen hasia naizelako ea zer gertatuko den obra honekin guztiarekin. Modu naturalean gauzatu genuen dohaintza, oso garbia izan da dena. Izan ere, Amableren lanekin oso garbia izan naiz beti arlo ekonomikoan, eta nik uste dut bankan lan egin dudalako dela hori. Kontraesan bat dirudi agian, baina bankan ikasi nuen garrantzitsua dela zenbakiak argi azaltzea, eta abar. Ni oso ezkertiarra naiz, eta uste dut jabetzak kalte handia egiten duela. Beraz, pentsatzen dut hori oso barneratuta daukadala eta horregatik atera zitzaidala dohaintzaren proposamena [serieko marrazkiak hemen ikus ditzakezue].
Jabetzari buruzko ikuspegi hori ez da oso ohikoa.
Egiakook zorte handia dugu parkearekin [Kristinaenea parkearekin]. Ni Mandasko Dukean jaio nintzen, eta nire bizitzaren zati handi bat parkean pasatu nuen, han egoten ginen auzoko guztiak. Iruditzen zait horrek erakusten duela jabetza ez dela beharrezkoa; zuk uste duzu nik, hark edo besteak behar zuela parkea berea izatea? Ez. Jendeak parkea erabili ahal izan nahi du, parkeaz gozatu nahi du.

Maru Rizo, Amable Ariasen liburutegiko liburu batekin, Karl Marxi buruzkoa. Ariasek liburuetan marrazten zuen irakurtzen zuen bitartean, eta, hain zuzen, Marxen marrazki bat erakusten ari da Rizo. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Amable Ariasek oso gaztetan egin zituen serie horretako lanak.
Bere ama Antzoki Zaharreko arropazaindegiko langile zen garaian egindakoak dira, bai. Noizean behin, Amable bere ama laguntzera joaten zen arropazaindegira, eta horrek antzokitik pasatzen zirenekin tratatzeko aukera eman zion: abeslariekin, dantzariekin, vedetteekin, eta abar. Horri esker, halako jendea marraztu zuen urte haietan. Gainera, artistak oso jatorrak izan ziren beti Amablerekin, eta marraztu zitzan paratzen ziren. Soilik bi izan ziren antipatikoak Amablerekin: Fernando Fernan Gomez eta bere bikotekide Analia Gade. 61 akuarelak eta arkatzez eta tintaz egindako 43 marrazkik osatzen dute seriea.
Antzoki Zaharrarekin hain lotuta dagoen serie bat denez, ondo egiten badute, katalogo txukun batekin, oso erakusketa baliotsua izan daiteke hiriarentzat. Gainera, oso polita izango da. Amablek baditu ulertzeko zailak diren obra batzuk, baina hauek edonork ulertu ditzake; gozagarriak dira.

‘Teatro Principal’ serieko bost akuarela. Ezker-eskuin: ‘Lina Morgan’, ‘Sanz de Heredia’, ‘Mercedes Serrat’, ‘Maruja Lozano y el maestro Pepe Tovar’ eta ‘Josefina’. Bostak Amable Ariasek 1954. eta 1959. urteen artean egindakoak.
Mundu berri bat ireki zion Antzoki Zaharretik pasatzen ziren artistekin harremana izateak?
Ordura arte ezagutu zuen munduarekin alderatuta, zeharo desberdina zen mundu bat aurkitu zuen han, bai. Kontuan izan ez zuela formakuntza akademikorik izan 9 urteetatik aurrera, izan zuen istripuaren ondorioz. Besteak beste, ez zeukan ortografiarik, eta, horregatik, oso zaila da bere idazkiekin lan egitea.
Amable Bembibre del Bierzon jaio zen, Leongo meatzaritza zona batean. Meatzari asko zeudenez, oso inguru gorria zen hura, eta faxistak iritsi zirenean, zona zigortuenetako bat izan omen zen; ankerkeria handiak egin omen zituzten. Han jaio zen Amable. 9 urte zituenean, istripu larri bat izan zuen, tren geltokian lagun batzuekin jolasten ari zela: geldirik zeuden bagoi batzuk hara eta hona mugitzen zituzten jolasean, eta, halako batean, bagoi horietako batek Amable zanpatu zuen. Pelbisaren zona guztia hautsi zitzaion istripuan. Horren ondorioz, ebakuntza larri ugari egin behar izan zizkioten: 14 urte bete zituenerako, hamalau ebakuntza egin zizkioten. Hortik zetorkion bizitza guztian pairatu zuen herrentasuna.
Hain zuzen ere, 14 urterekin etorri zen Donostiara
Bai, bere aitak Donostian lanpostu bat lortu zuenean. Bere aitak tratu txarrak ematen zizkien amari eta Amableri, eta, gainera, jokozalea eta faxista zen. Imajinatu zenezakeen okerrena zen. Dostoievskiren pertsonaia ilun horietakoren baten modukoa zen.
Donostian zeudela, aitak ama eta umea jotzen jarraitzen zuen etengabe, eta, halako batean, haren aurkako salaketa jartzera iritsi ziren. Pentsa nolakoa zen egoera, garai hartako epaile batek (1950eko hamarkadaren hasiera zen) hiritik kanporatu baitzuen aita. Ama eta semea hemen gelditu ziren, baina ama sekulako egoera ekonomiko txarrean zegoen, Antzoki Zaharrean ez baitzuen soldatarik; eskupekoetatik bizi zen, eta udan euren etxea alokatzen zuen. Hain zuzen ere, Amable eta bere ama berez neskameentzako zen logelan sartzen ziren udan, eta gainontzekoa alokatu egiten zuten; Latinoamerikako politikariak etortzen ziren sarritan, besteak beste. Egoera ekonomiko horretan, estraperloko penizilina erosi behar zuen amak Amablerentzat, eta horrela, pixkanaka, Amable hobetzen joan zen. Hala ere, beti pairatu zituen istripuaren ondorioak. Horren bizitza gogorra daukazunean, bi aukera dituzu: zapaltzen zaituzte edo arroka indartsu bat bihurtzen zara. Eta, Amable arroka bat bihurtu zen, indar psikologiko handia garatuta; horrek salbatu zuen, eta bizitza horrek bere obra erabat baldintzatu zuen.
San Telmo museoan Antzoki Zaharreko seriearekin erakusketa bat egitekoak zarete 2023an, baina beste erakusketa batzuk ere prestatzen ari zarete, ezta?
Ekain arte galerian erakusketa bat jarriko dugu, San Telmo museokoarekin denboran bat egingo duena: San Telmokoa inauguratu eta astebetera edo bi astera inauguratuko dugu Ekainekoa. Izan ere, erakusketa handi batekin batera, ona izaten omen da artista beraren erakusketa txikiago bat antolatzea, batak bestea laguntzen duelako. Ekaineko Rita Unzurrunzagarekin erakusketa asko antolatu ditut, eta politak izan dira beti, katalogo ederrekin. Gainera, Amableri asko gustatzen zitzaizkion horrelako galeria txikiak, Parisen ugariak direnak.
Teknika eta arte diziplina ugari landu zituen Amable Ariasek, ezta?
Bizitza guztian oso pobrea izan zenez, olio gutxi egin zituen, mihisea papera baino garestiagoa delako. 300 bat baino ez zituen egin, eta hori margolari batentzat oso gutxi da. Berak esaten zuen estilo guztiek balio bera zutela, eta denak interesatzen zitzaizkiola, dena delako bide bat artistarentzat. Ez zuen desberdintasunik egiten: abstraktua eta figuratiboa nahasten zituen, adibidez. Bere bizitzak eraman zuen artista desberdin bat izatera.
Soinu obra bat ere badu, eta idatzi ere egiten zuen. Soinu obrei dagokienez, urte luzez ez dut asko hitz egin horiei buruz, horren arraroak direnez, iruditzen zitzaidalako jendeak ez zituela ulertuko. Orain, jendea desberdina da, eta horrelako gauzak gustatzen zaizkio jendeari. Performance moduko batzuk dira, baina ez jendaurrean egindakoak, etxean egindakoak baizik; askotan, ni nintzen ikusle bakarra. Eta, askotarikoak dira; jolas intelektualak dira, arteak ustekabeko bideetatik eramaten zaituelako. Adibide bat jartzearren, Escuela de genios da luzeena, hogei bat minutukoa, eta horrela izan zen: bere liburutegian geunden, non liburuak alfabetikoki ordenatuta dauden. Orduan, Amablek esaten zuen, ‘genioen eskolako haurren jangelan gaude. Ea nola jaten duen niniak, koilarakadatxo bat norengatik…’. Orduan, nik liburutegiko lehenengo autorea esaten nuen: adibidez, Adorno. Amablek berriz errepikatzen zuen bere esaldia eta nik hurrengo autorea esaten nuen. Eta, horrela liburutegi osoa.

Amable Arias Gaur taldeak 1966an Barandiaran galerian egindako erakusketaren aurkezpenean, erakusketako katalogoarekin. (Argazkia: Arturo Delgado/Kutxateka)
Amable Arias Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen.
Gaur taldearen aurretik, Los Diez taldean egon ziren, Gaur taldearen aitzindaria izan zena. Gaur taldearen sorrerari dagokionez, Amable eta [Jose Antonio] Sistiaga oso lagunak ziren, eta askotan egiten zuten moduan, egun batean elkartu egin ziren, eta taldea sortzeko ideia izan zuten. Sistiagak dioenez, berak izan zuen Erakarpen eta Turismo Zentroak garai hartan antolatu zuen Gabonetako sariketako erakusketaren aurkako zerbait sortzeko ideia, eta Amableri proposatu zion. Izan ere, gogoratu behar da Gaur taldea erakusketa horren aurka sortutako zerbait izan zela, erakusketa horretan ez zegoelako inolako berritasunik. Amableren eta Sistiagaren arteko elkarrizketa horretatik jaio zen Gaur, baina artean beste bide batzuk jorratu nahi zituzten artistekin elkartu behar zirela erabaki zuten. [Jorge] Oteizak zioenez, berak antzeko ideiak izan zituen aurretik, baina ez zen taldea sortzera iritsi. Oteiza sartu zenean, ideia anbiziotsuago bat izan zuen, taldea euskal artearen eskola bat bihurtu nahi baitzuen, bakoitzak bere estiloa mantenduz. Azkenean, ezin izan zuen hori egin, baina bueno, Gaur taldeak bere bidea egin zuen.
Amableri pena eman zion ondoren taldea desegin izana, bide luzeagoa egin zezakeela iruditzen zitzaiolako. Taldea hautsi izanaren arrazoien inguruko interpretazioak askotarikoak dira: Amablek gauza bat zioen, Sistiagak beste bat, eta abar. Gauza guztien nahasketa bat izango zen, ez dakit.
Gaur taldearen argazki historikoan, ordea, ez dago Amable Arias. Zergatik?
Argazki hori sorrerako argazkia zela esan zuten, baina gezurra da. Izan ere, hainbat artista Oteizaren etxean (uste dut) elkartu zireneko argazki bat da hori, baina ez zen Gaur taldearen bilera bat izan, taldeko batzuk falta baitziren eta taldekoak ez ziren beste batzuk baitzeuden. Ondoren argazki horrek hartu zuen garrantzia ez zitzaion asko gustatu Amableri, oso zorrotza baitzen gezurrekin. Horregatik, gero Amablek collage bat egin zuen. Collage horretan ni agertzen naiz inauterietako Sardinaren Ehorzketan, beltzez jantzita; Gaur taldearen sorrerako argazki bihurtu zuen irudi hori Amablek [barrez]. Bestalde, nik Gaur taldeari buruzko dokumentazio asko eta asko daukat, eta baita hainbat taldekidek beste taldekideei egindako erretratu batzuk ere: Amablek [Jose Luis] Zumetari eta [Rafael] Ruiz Balerdiri egindakoak, Sistiagak Amableri egindakoa eta Ruiz Balerdik Amableren amonari egindakoa, besteak beste. Erretratu horiek guztiak eta dokumentazio guztia erosteko proposatu nion aldundiari, oso prezio onargarri batean. Ordea, ez zidaten erantzun ere egin.

Amable Arias (erdian), Jose Luis Zumeta (ezkerrean) eta Jorge Oteiza (eskuinean), Gaur taldeak 1966an Barandiaran galerian egindako erakusketaren aurkezpenean. (Argazkia: Arturo Delgado/Kutxateka)
Zuk harremana izan duzu Gaur taldeko beste kideekin?
Bai. Sistiaga, adibidez, nire lagun mina da, oso jatorra da. Duela gutxi hemen egon zen, eta askotan hitz egiten dut berarekin. Sistiaga eta Amable hezur eta mami izan ziren, nahiz eta oso desberdinak izan. Hain zuzen ere, Sistiagari badirudi politikarekin lotutako edozerk azkura ematen diola. Aldiz, Amable kontrakoa zen; marxista handi bat zen. Esaten zuten taldeko pobreena eta gorriena zela, eta egia da. Sistiagari ez zaio gustatzen politikaz hitz egitea, baina arte sutsuki defendatzen du. Aurrekoan, irakurri nituen Amablek Sistiagari buruz idatzitako hitz batzuk, eta Sistiagak berari esandako esaldi bat errepikatzen zuen: ‘Gizona garaituko zenuten, baina ez duzue artista garaitu’. Arazoak sortu zizkion norbaiti erreferentzia eginez esan zuen esaldi hori Sistiagak.
Oteizarekin ere pasarte polit bat izan nuen. Amablek erakusketa bat jarri zuen Kale Nagusiko Ikuska galerian, 1971. urtean-edo. Inauguraziora hainbat artista joan ziren, besteak beste, Oteiza. Erakusketako marrazki askotan agertzen zen pertsona ni nintzen, eta inaugurazioan koadro horietako bat begiratzen ari nintzela, Oteiza etorri zen eta barrez esan zidan, ‘hau da politena’.

Amable Arias Jose Antonio Sistiagarekin (ezkerrean), Gaur taldeak 1966an Barandiaran galerian egindako erakusketaren aurkezpenean. (Argazkia: Arturo Delgado/Kutxateka)
Bere bikotekidea izateaz gain, Amable Ariasen musa eta mezenas ere izan zinen.
Ez dut inoiz ezkondu nahi izan eta ezta seme-alabarik eduki nahi izan ere. Horrek desberdin bihurtzen zaitu, eta, beraz, nire bizitza Amablerekin oso partekatua izan da artistikoki. Are gehiago, obra asko niregatik egin zituen. Izan ere, esaten zidan aurkitzen nuen edozer gauza berari eramateko, berez margotzeko balio ez zutenak ere. Nik aurkitzen nituen gauza bitxienak eramaten nizkion, eta hortik atera dira Amableren obrarik handienetako batzuk. Esaterako, lan egiten nuen bankuan gutunak kopiatzeko erabiltzen zuten arroz paperezko liburu handi bat botatzekoak ziren, eta Amableri eraman nion. Bereziak dira hor dauden marrazkiak, bakoitzean aurrekoaren eta ondorengoaren arrastoak ikusten baitira, liburuak oso orrialde finak dituelako.
Bestalde, Amable beti oso gaizki ibili zen diruz. Nirekin zegoenetik, ez zebilen horren gaizki, nik soldata finko bat nuelako bankuan. Pentsatzen hasita, denetarik izan naiz Amablerekin, baita mezenas ere. Izan ere, Amablek ez zeukan artista askok izaten duten mihise zuriarekiko beldurra. Amablek ideia ugari zituen buruan beti, baina askotan ez zeukan ideia obra bihurtzeko diru nahikoa; nirekin hasi zenetik, arazo hori ez zeukan, behintzat. Koadro baterako ideia zuenean, kontatzen zidan, eta mihisea erosi behar bazen, erostera joaten ginen. Begira, behin, Alderdi Ederretik paseatzen ari ginela, lore koloretsuak zeuden, eta Amablek pentsamenduak balira bezala ikusten zituen. Bururatu zitzaion hortik abiatuta El hombre que comía pensamientos koadroa egin behar zuela, eta horretarako mihise handi bat erostera joan behar genuela. Hala egin genuen, eta koadroa margotzen hasi zen: gizona egin zuen fondo berde batekin, baina ez zuen pentsamendurik egin. Esan zuen, ‘koadro hau bukatuta dago, ezin dizkiot pentsamenduak egin’. Zeren, askotan, koadroak berak agintzen dizu.
Zer duzu gustukoen Amable Ariasen obran?
Hori galdetzen didatenean, batzuetan, boteprontoan burura datorkidan obra esaten dut, baina agian handik hiru egunera esaten dut, ‘ez, hau da gehien gustatzen zaidana’. Ordea, hotzean pentsatuta, nik uste dut arroz paperezko liburua gustatzen zaidala gehien. Ez dakit, zerbait dauka. Orrialde batetik besterako joko hori gustatzen zait, marrazki bakoitzean aurreko marrazkiaren eta ondorengoaren aztarnak ikustea, eta abar. Bestalde, Amablek biluzi asko egin zituen, baina gutxi erotikoak; egin zituen erotiko gutxi horiek, ordea, liburuan daude. Nire ehunka biluzi egin zituen Amablek, agian milaka. Eta, askotan, pentsatzen dut, ‘zer ona den maitale edo bikotekide gisa artista bat izatea’. Izan ere, zaren moduan ikusteaz gain, bere artista begiekin ikusten zaitu eta idealizatzen zaitu: hau beste ni bat naiz, esaterako [esku artean dauka Ariasek egindako biluzi bat, Rizorena]. Horrez gain, bere poema askotan ere agertzen naiz.
Amable izugarria da. Amableren obrak behar du begiratzea. Amablek deitu egiten zaitu, eta, ondoren, ahal zaizu interesatu edo ez interesatu, baina begiratzea eskatzen dizu beti.
Amable Arias ezagutu aurretik ere interesatzen zitzaizun artea?
Beti gustatu izan zait artearen mundua. Oso berezia izan naiz beti, nire kabuz funtzionatzekoa; esaterako, gaztetan, bakarrik dantzatzera joaten nintzen. Bestalde, nire etxean musikak garrantzia handia zuen, opera asko gustatu izan zaigulako betidanik. Txikitatik, operara eramaten gintuzten, eta italiera hein handi batean operari esker ikasi nuen. Gainera, nire amak ahots izugarria zuen, Renata Tebaldik bezala abesten zuen; batzuetan, etxeko patiora begira abesten zuen, eta bizilagunak leihoak irekitzen hasten ziren, ama ondo entzuteko. Emakume bitxia zen, desberdina, bere gauza onekin eta txarrekin. Nire aita, aldiz, nazkagarria zen, pentsa dezakezun nazkagarri handienetakoa. Amablerena bezala, hain zuzen ere. Zenbat gizon gaizto dauden, ezta? Gainera, ez daramagu hori konpontzeko biderik; agian, gizon horiek egiten dutena gehiago jakiteko bidean gaude, eta hori ere garrantzitsua da.
Amable Ariasen lanen artxibo izugarria duzu, baina zure familiatik datorkizun argazki artxibo berezi bat ere baduzu, ezta?
Hori ere oso interesgarria da, bai. Susana Sotori ere erakutsi nion hori, iruditzen zaidalako ni hiltzen naizenean, argazki bat hona eta bestea hara ibili beharrean, ondo egon daitekeela argazki horiek ere San Telmo museoak izatea.
Argazkiekin lotutako bi gauza ditut. Bat nire aitonaren iloba Lolarena zen, eta Donostiako argazki zahar-zaharrez osatutako liburu bat da. Oso zaharra dago liburua, baina oso interesgarria da. Ordea, interesgarriagoa da etxean daukadana, nire aitonarena. Nire aitona sekulako pertsonaia zen, elkarrizketa bat egin beharko zenidakete soilik nire aitonaz hitz egiteko. Asko gustatzen zitzaizkion argazkiak egiteko ateratzen ziren gailu berriak, eta 1910. urtearen bueltan argazki kamera batzuk atera zituzten, argazkiak kristaletan inprimatzen zituztenak, paperean inprimatu ordez. Horrela, etxean kaxa handi bat daukat, halako kristalez beteta. Kristal horiek begiratzeko behar den makina ere badaukat; kaxa baten modukoa da. Nire aitonak egindako argazki horietako batzuk Donostiakoak dira, beste batzuk Hernanikoak, beste batzuk nire aitonaren anaiak Bilbon zuen etxekoak eta beste batzuk identifikatzen ez ditudan lekuetakoak. Batzuetan nire aitona agertzen da, nire ama, nire amona, eta abar. Oso politak dira. Badago bat, adibidez, mundu guztiari gustatzen zaiona, Uliako funikularrekoa. Ederra da, baita ere, Gipuzkoa plaza elurtuta agertzen den argazki bat; emakume bat agertzen da, garaiko arroparekin jantzita.
Artearen munduan murgiltzeaz gain, feminismoan ere oso murgilduta egon zara, ezta?
Hiru ahizpa gara, eta oso izaera desberdinekoak bagara ere, hirurak oso feministak gara, betidanik. Gainera, gure feminismoaren arabera jokatu dugu beti. Esaterako, Dandai emakumeen elkartearen sorreran ibili nintzen, eta presidentea izan nintzen. Zer emakume jatorrak zeuden elkarte horretan!
Bitxikeria gisa, nirea izan zen elkarteari Dandai izena jartzeko ideia. Nik ez dakit euskaraz, baina euskaraz ondo zekiten kide askok ez zekiten zer esan nahi zuen hitz horrek. Haur txikiek ibiltzeko duten modua da; zutik mantentzeko gai direnean, baina ia ibili ezin direnean. Hiztegietan begiratuta atera nuen izen hori, eta elkartearen izena erabakitzeko egin genuen bileran gainontzekoek onartu zuten.
Dandai elkartean nenbilela, gogoratzen dut behin bilera bat egin genuela udaletxean edo foru jauregian. Gizonak eta emakumeak geunden han, eta gizonen batek bat esan zuen feminismoa txarra zela, edo horrelako zerbait. Beti dago matxistaren bat, eta askotan, esaten duzu, ‘baina honek badaki zer esaten ari den?’. Horrela, esan nion, ‘badakizu zer den feminismoa? Oso erraza da, agian ados egongo zara eta guzti. Feminismoa da aitortzea gizona eta emakumea ez daudela egoera berean gizartean, eta zerbait egitea egoera aldatzeko’. Juana Aranguren zegoen han, eta atera ginenean, esan zidan asko gustatu zitzaiola esan nuena. Izan ere, hori da oinarrizkoa, egoeraz jabetzea eta aldatzen saiatzea.

Maru Rizo, Amable Ariasen erakusketa bateko katalogoa ikusten. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Egiako auzo elkartean ere oso aktibo ibili zara.
Egia Biziriken, bai. Tabakalerarentzako irtenbide bat bilatzeko biltzen hasi ginenean hasi ginen Egia Bizirikekin. Dandain neukan esperientziarekin, bilera horietako batean esan nuen Egia Bizirikek diru laguntzak beharko zituela, eta horretarako hoberena elkarte bat sortzea zela. Eta, hala egin zuten.
Orain, Amable Ariasen obran erabat murgilduta zaude.
Amablek pentsatzen zuen oso obra ona zuela, eta jendea ez zela ulertzeko gai. Ez soilik jendeak, erakunde publikoek baita ere, beti baztertu zutelako. Horren erakusgarri dira bere bizitzan izan zituen eskandaluak, eta, bereziki, udaletxean jarri zuen Espacios vacíos erakusketa. Eztabaida handia sortu zuen erakusketa horrek, eta koadro bat erre ere egin zioten. Biluzi bat zen koadro hori, eta, hain zuzen, sexua erre zioten. Hori herri honen historia da. Hor daukat koadroa, eta uste dut Bilboko Arte Ederren museoan 2024an egingo dugun erakusketan ikusgai jarriko dugula.
Hala ere, erakundeek baztertzen jarraitzen dute. Horregatik, hil zenetik, bere obra mugitzen ari naiz, eta gero ezagunagoa da. Elur pilota baten modukoa da, gero eta handiagoa egiten joan baita. Orain, hainbat proiektu garrantzitsu ditugu esku artean.