Asgarth taldeak abenduaren 2an kaleratuko du 'Zeldatik' lan berria
17 urte luzeren ondoren, Añorgako Asgarth heavy metal bandak estudioko lan berri bat argitaratuko du. Zeldatik izango da bere izenburua, eta abenduaren 2an kaleratuko dute. Lan berrian taldea bere erraietara itzuli dela aurreratu du boskoteak. Hau da, “estilo klasikora, boskotea eraberrituta eta soinua indartuta”. Kantak konfinamendu garaian, etxeko zeldatik egindakoak direla gaineratu dute, eta hitzak maitasunari eta gizarte gaiei loturikoak. Usurbilgo Haritz Harreguy estudioetan grabatu zuten iaz diskoa.
Hamaika abesti izango ditu lan berriak, eta azala Añorgako Iker Bengoetxea (The Ogrocadaver) artistak egin du. Honela aurkeztu dute: “Jakina da hegazti oro dela askatasunaren ikur. Gautxoria, bereziki, sinismen ugariren sinbolo da. Mitologia klasikoan, batetik, jakituriaren seinale. Gurean, aldiz, heriotzaren iragarle. Bata zein bestea ote den jakiteko, norberak dauka giltza”.
Lan berriaren izenburu bera duen aurreneko singlea iazko azaroan aurkeztu zuten. Hauxe duzue bideoklipa:
Gogora dezagun, maiatzaren 28an itzuli zirela zuzenekoetara. Utzitako lekuan jo zuten itzulerako lehen kontzertua; Añorgako Zinema zaharrean. Han aurkeztu ahal izan zuten boskote berritua: Asier Enbil (ahotsa), Unai Zabala (gitarra), Ander Cañas (gitarra), Mikel Yarza (baxua) eta Etxahun Urkizu (bateria).
Datozen egunetan, diskoaren eta aurkezpen kontzertuen inguruko xehetasun gehiago emango dituzte.