"Ezingo nuke bizi irakurri gabe"
Azken lau urteetan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du Iban Zaldua (Donostia, 1966) idazleak, eta horrela osatu du 'Ipuina engainua da', bere azken liburua. Donostia Kulturak antolatzen duen Literaktum jaialdian aurkeztuko du, azaroaren 16an, 19:00etan, Victoria Eugenia Club aretoan. Miren Narbaiza abeslariarekin batera, irakurketa musikatua egingo du.
Iban Zaldua. Nola definituko zenuke ‘Ipuina engainua da’, zure azken lana?
Ipuin bilduma bat da, hori da definizioa. Jatorri, helburu eta garapen oso desberdinak dituzten ipuinen metaketa bat da, eta azken lau urteetan landu ditudan ipuin batzuk aukeratu ditut lan hau osatzeko. Ipuin egileok bidean egiten dugun geldiune horietako baten fruitua da: gelditu egiten zara, uzta biltzen duzu, eta, ahalik eta modu erakargarrienean saiatzen zara hori irakurleari aurkezten.
Nolako gaiak jorratu dituzu?
Alde horretatik, liburua nahiko plurala da. Batetik, gezurrak edo engainuak nahiko paper garrantzitsua du, eta hori ez da arraroa nire literaturan. Hortik dator bilduma osoari eman diodan izenburua ere. Literaturaren inguruko hausnarketa bat ere badago, eta, zehazki, ipuinik luzeena, amaierakoa, niretzat ipuingintza zer den azaltzen saiatzen da. Horrez gain, badira beste kontu batzuk: asko interesatzen zaizkit bikote harremanak, familia, gai sozialak eta, noski, baita nire ipuingintzan maiz lantzen dudan euskal gatazkaren gaia ere.
Horrez gain, badaude zientzia fikzioarekin lotura, utopiaren aukeren inguruan eztabaida sortu nahi duten ipuinak ere.
Zein da zure inspirazio iturria hainbeste gairen inguruan idazteko?
Dena izan daiteke. Esan dudan bezala, lau urtetan zehar idatzi ditudan ipuinak dira, eta, ez da batere originala idazle askok esaten dutelako, baina, alde batetik, inspirazioa zure bizipenetatik jasotzen duzu. Beste iturri bat, oso nabarmena, inguruan gertatzen dena da. Horrek egiten du liburuko ipuin asko garaikideak izatea. Eta hirugarren inspirazio iturria literatura eta artea dela esango nuke. Besteei irakurtzen dizkiedan gauzek, zinemak eta musikak ere inspiratzen naute idazterako orduan.
Irakaslea ere bazara. Nola uztartzen duzu irakasle eta idazle izate hori?
Historia irakaslea naiz, eta Historia Ekonomikoa irakasten dut gainera: oso jakintza arlo zehatza eta hertsia da, fantasiarako aukera gehiegi ematen ez dizuna. Beraz, literaturak nire ogibideak dituen hertsidurak askatzeko modu bat eskaintzen dit, hortik ihes egiteko ate bat. Irakasle gisa egiten dudan lanak, alde horretatik, oso zehatza izatera behartzen nau, eta literaturak beste askatasun mota bat baimentzen dit.
Nola hasi zinen idazten?
Idazketa, niretzat, irakurketaren luzapen bat da. Gaztetan irakurle amorratua nintzen, baina komikiak irakurtzeko genuen aukera nahiko mugatua zen, gurasoek astero ematen zizuten ordainsari ziztrinaren ordainetan lor zenezakena, hain zuzen ere. Eta gogoan dut zerbait sortzea bururatu zitzaidala, hasieran, neronek irakurri ahal izateko. Ziur asko, hori izan zen nire lehenengo bulkada: material gehiago izatea nik neuk irakurtzeko.
Gero, momentu batetik aurrera, badago, nolabait, harrokeriak sortzen duen bultzada hori ere. Ingurukoek zure lanarekin gozatzeko aukera ikusten duzu, eta lagunei testuak pasatzen hasten zara. Ikusten duzu grazia egiten diela, eta, horrek zure harrokeria are gehiago handitzen du. Imajinatzen dut horrelako zerbaitekin hasi nintzela, baina idazketa irakurketarekin oso lotuta dudan zerbait da. Ezingo nuke bizi irakurri gabe, baina idatzi gabe uste dut bizi naitekeela.
Zein da zuk idatzi duzun libururik gogokoena zuretzat?
Arrazoi komertzialengatik, gogokoen duzuna beti da azkenengoa; kasu honetan, Ipuina engainua da. Hori defendatu behar dut, izan ere, nire burua ez badut horretaz konbentzitzen, nola konbentzituko ditut irakurleak? [barrez]. Baina berezitasunei begira, Biodiskografiak ere nabarmenduko nuke. Proiektu bitxia da, nire buruari jarri nion erronka izan zen 30 eta koska diskoren gaineko 30 eta koska ipuin idaztea. Hala ere, gustuari dagokionez, nire azken lanean urrats bat egin dut, eta pentsatu nahi dut hobeto idazten dudala orain duela hogei urte baino.
Hain zuzen ere, Literaktum jaialdian aurkeztuko duzu orain ‘Ipuina engainua da’. Nolako aurkezpena izango da?
Musikaz lagundutako irakurketa bat izango da. Miren Narbaizari, Mice proiektu musikalaren sortzaileari, laguntza eskatu diot, eta liburuko ipuin bat moldatzen ari gara aurkezpenean irakurtzeko. Berak nirekin irakurriko du, eta, gainera, musika jarriko dio. Irakurraldiak asko gustatzen zaizkit, uste dudalako tresna onak direla literatura zabaltzeko; eta musikarekin bateratzeko aukera badago, are gehiago. Micek oso potentea iruditzen zaidan disko bat atera berri du, Lautada izenekoa, eta aurtengo disko onenetarikoa da. Alde horretatik, Literaktumen egingo dugun kolaborazioa interesgarria izango dela uste dut.
Nolako publikoarentzat idatzi duzu liburua?
Helburua mundu mailako publikoaren konkista lortzea da. 16 urtetik gorako edozeinek irakur dezakeen liburu bat da, izan ere, nik ez dut publiko jakin batean pentsatzen. Horrez gain, ipuingintzak duen abantaila da, plurala izanik, irakurleek euren gustuaren arabera aurkitu dezaketela asetuko dituen istorioren bat.
Irailean aurkeztu zenuen. Nolako harrera ari da izaten?
Nik orain arte jaso dudan feedbacka oso ona izan da. Egia da pixkanaka ari naizela liburuaren inguruko kritikak jasotzen, izan ere, garai honetan dagoen pilaketa durangatarrarekin argitalpen asko ari dira argitaratzen dira aldi berean. Baina, egia esan, pozik nago orain arte izan duen harrerarekin.


