Hainbat aldaketa egingo dituzte hirian Behobia-Donostiarengatik
Igandean (hilak 13) egingo dute 57. Behobia-Donostia lasterketa handia, ia 30.000 parte hartzailerekin, eta horrek hainbat aldaketa eragingo ditu hirian. Horrela, udalak gomendatu du egun horretan garraio publikoa erabiltzeko. Lasterketako parte hartzaileak ordu hauetan aterako dira Behobiatik: korrika doazenak 10:00etatik aurrera, taldeka; gurpil aulkian doazenak 09:30ean eta patinetan doazenak 09:35ean.
Alde batetik, hainbat kale itxita egongo dira ibilgailuentzat: Bulebarra eta Peñaflorida kalea 05:00etatik 17:00etara, Zurriola hiribidea 08:30etik 09:00etara eta 09:30etik 15:15era eta Jose Elosegi, Ategorrieta eta Nafarroa hiribideak 09:30etik 15:00etara. Bestalde, Ulia pasealekuko bizilagunek, 9:30etik 13:00etara, atera nahi izanez gero, Herri Ametsa Ikastolatik joan behar dute, Bidebietatik ateratzeko. Era berean, udalak gomendatu du hiriaren ekialdetik atera nahi dutenek edo Altzara joan nahi dutenak Intxaurrondotik joateko, Otxoki pasealekua eta saihesbidea erabilita. Horrez gain, korrikalariak iritsi ahala, San Martin kalea eta Askatasunaren hiribidea itxita egongo dira une batzuetan.
TAOn aldaketak
Lasterketaren ondorioz, TAO 1-1 sektoreko aparkaleku-bereizgarria dutenek gainerako sektoreetan aparkatu ahal izango dute ostiral honetatik, azaroaren 11tik, astelehena, azaroaren 14ra arte, biak barne.
Aldaketak garraio publikoan
Behobia-Donostiaren ondorioz, Dbuseko lineetan eta geltokietan hainbat aldaketa egingo dituzte igande goizetik eguerdira edo arratsaldeko lehenengo orduetara, eta hemen kontsultatu daitezke aldaketa guztiak, zehatz-mehatz. Horrez gain, Ekialdebuseko Bidasoaldeko, Oarsoaldeko eta Donostialdeko lineak eta Lurraldebusekoak ere aldatu egingo dira 09:30etik 15:30era. Euskotrenek tren zerbitzu berezia izango du, eta Renfek bere zerbitzuak indartuko ditu.
Bulebarreko taxi zerbitzuan ere eragina izango du lasterketak: igandeko 04:00etatik 07:00etara, udaletxearen ondoan egin ohi den geldialdia Bulebarrera joango da, 3. geltokira (13. linearen geltokira).
Aparkalekuak
Bulebarreko aparkalekurako sarrera 09:45etik 14:30era itxiko dute, eta Kursaaleko aparkalekuan dauden autoak ezingo dira 10:30etik 14:30era irten, gutxi gorabehera.