Koisi ostatuak terraza ilegala erabiltzen jarraitzen duela salatu dute hainbat bizilagunek
Duela hilabete inguru, Bizilagunekin plataformak salatu zuen Antiguako Heriz pasealekuan dagoen Koisi ostatua terraza ilegal bat erabiltzen ari zela, bizilagunak kaltetuz. Hain zuzen ere, Heriz pasealekuko bizilagunek denbora asko daramate ostatua terraza hori erabiltzen ari dela salatzen, eta hainbat bizilagunek ekintza bat egin dute gaurkoan ostatuan: barrura sartu dira, eta pankarta pare bat jarri dituzte terrazan, nazkatuta daudela salatzeko.
Eraikin hori komentu bat zen bere garaian, baina 2016an ostatu gisa funtzionatzen hasi zen. Bizilagun batek hedabide honi azaldu dionez, 2017an hasi ziren bizilagunak ostatuarekin arazoak izaten, legez kanpoko terraza hori erabiltzen hasi zirelako. Eremua ez dagoenez estalita, zarata handia sortzen dute erabiltzaileek, eta bizilagunak egoera salatzen hasi ziren; Udaltzaingoak zarataren neurketak ere egin zituen orduan. “Azkenean, 2017ko udan, lortu genuen udalak inspekzio bat egitea, eta ostatuak zituen beste hainbat irregulartasun baieztatzeaz gain, lortu genuen terraza hori itxiaraztea”, azaldu du bizilagunak.
Ordea, 2020ko Aste Santuan, terraza hori erabiltzeari ekin zion berriz ere ostatuak: “Ordutik, gure borroka da Koisik terraza hori ez erabiltzea, ez dagoelako itxita, ezin delako itxi eta ezin zaiolako erabilera hori eman. Eta, ikusten dugunez udalak ez duela ezer egiten, borrokatzen jarraitzen dugu”, azaldu du bizilagunak.
IRUTXULOKO HITZAk Herizko bizilagunak plataformako bi kide elkarrizketatu zituen pasa den uztailean. Koisi aterpetxeak eragindako zaratarekin eta bestelakoekin “kokoteraino” daudela nabarmendu zuten.
Koisi hostelak bere TERRAZA ILEGALA erabiltzen jarraitzen du eta Udal Gobernuak ez du araudia betearazten. Heriz pasealekuko bizilagunak nazkatuta daude!
— BiziLagunEkin (@BiziLagunEkin) November 13, 2022
Donostiaren turistifikazioa: gutxiengoaren negozioa bizilagunentzat kaltea. pic.twitter.com/Ul7ekpUl6M