Ainhoa Tolosa, waveskiko munduko txapeldun
Ainhoa Tolosa donostiarrak garaipen handiak lortzen jarraitzen du, eta waveskiko Kaliforniako (AEB) Munduko Txapelketa irabazi berri du, emakumeen master kategorian. Horrez gain, open kategorian bosgarren izan da.
Berriki, kayak surfeko ontzi luzeko munduko txapelketa irabazi du, eta, hain justu, horren harira elkarrizketatu zuen hedabide honek. Odei Etxeberria donostiarrarekin eta Irati Bordagarairekin batera joan zen Tolosa Kaliforniara, eta hedabide honi adierazi zionez, “emaitza onak lortzeko itxaropena” zuten; esan eta egin.
Txapelketa nola joan den kontatu dio Tolosak IRUTXULOKO HITZAri, eta pozik agertu da: “Egia da beti gehiago nahi dugula, baina ezin naiz kexatu, maila handia zegoelako, eta gauzak nahiko txukun egin nituen. Emakumeen master kategorian lehenengoa izan nintzen, eta Open kategorian bosgarren. Open kategorian ezin izan nintzen finalera iritsi, baina gero bosgarren postutik zortzigarrenera erabakitzen den final txikian lehenengoa izan nintzen; beraz, sailkapen orokorrean bosgarren”.
Irabazi berritan ere, aurrera begira jarri da dagoeneko Tolosa: “Oso motibatuta nago 2024an Hegoafrikan jokatuko den Munduko Txapelketarako, eta orain lanean jarraitzea tokatzen da”.