Intxaurrock jaialdia egingo dute abenduaren 17an
30 urte bete ditu Nuevo Catecismo Catolico talde donostiarrak, eta kontzertu bira berezi bat egiten ari dira. Urteurrenarekin bat eginez, Intxaurrock jaialdia sortu dute, eta Donostia Kulturako DKluba zirkuituak babestu du. Abenduaren 17an izango da Intxaurrondoko kultur etxean, eta NCC beteranoekin batera, beste hiru banda ariko dira zuzenean: Surfin Kaos, Flash eta Stupid Fuckin People.
Surfin Kaosen itzulera da jaialdiaren ezusteko deigarriena. Hirukoa ez da sekula desegin, baina denbora asko daramate taula gainera igo gabe. Orain, 20. urteurrena ospatzeko kontzertu batzuk eskainiko dituzte, eta Intxaurrondokoa izango da horietako bat. Izan ere, auzo horretako gaztetxean elkartu ziren 2002. urtean Koldo Soret (gitarra eta ahotsa), Ibon Etxebeste (bateria) eta Dabid Gil (baxua) punk rock doinuak jorratzeko.
Flash banda, berriz, 2020an sortu zuten Brigada Criminal, Arrotzak, Oki Moki, Hell Division eta Dictadurako musikariek. Punk rock, hardcore eta powerpop doinuak jorratzen dituzte, eta urtea bukatu baino lehen plazaratuko dute iraupen luzeko lehen lana. Azkenik, Stupid Fuckin People punk rock taldeak estreinako diskoa aurkeztuko du Intxaurrondon. Las Furias, Señor No, La Perrera eta La Banda Trapera del Rio bandetako kidez osaturikoa da.
Sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai Donostia Kulturako webgunean eta Viktoria Eugenia antzokiko zein Antzoki Zaharreko leihatiletan.