Azorak maizter gehiago etxegabetu nahi dituela salatu dute
Hilabetearen hasieran, Kaleratzeak Stop plataformak eta Azorako maizterrek jakinarazi zuten Azora funts putreak Groseko zortzi bizilagun etxegabetu nahi dituela. Ordutik, maizter gehiagok jaso dute euren etxebizitza uzteko Azoraren mezua. Hori dela eta, bi plataformek salatu dute funts putreak ez duela Eneko Goia alkateari emandako hitza bete.
“Alkatetzak kontratuak zazpi urterako berritu ditzaten bitartekaritza lana egin duen arren, Lazora funtsak Bermingham 1, Zabaleta 55 eta Segundo Izpizua 2 eraikinak hustu eta etxebizitzak luxuzko etxeak bihurtzeko asmoa berretsi dute”, adierazi dute bi plataformek. Era berean, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak asteleheneko udal batzordeetan esandakoa nabarmendu dute. Izan ere, Arzallusek esan zuen Azorak etxebizitza horien bizitegi erabilera errespetatu behar duela. Beraz, ezingo dituzte eraikinak hotel bihurtu eta turismo erabilera bat eman.
Inmobiliaria Vascongadaren etxebizitzak erosi eta bi urtera, Lazora untsak higiezin horiek etekina ateratzeko asmoz erosi zituela berretsi dela gaineratu dute plataformek: “Historia errepikatu egiten da; izan ere, Lazorak iaz ere gauza bera egin zuen Ijentea kaleko 2. zenbakiko eraikinarekin, ondoren, aktibo hori hiriko sustatzaile bati saldu eta jasaten ari garen higiezinen burbuila puzten jarraituz”.
Lazora sozietatea
Herbeheretan kokaturiko enpresak dira Lazora sozietatearen hiru akziodun nagusiak eta kapitalaren gehiengoa dutenak. “Akziodun nagusia Richard Ellis zenaren subsidiarioa da, gaur egun CBRE, New York Stock Exchangen zerrendatutako konpainia estatubatuarra, eta higiezinen inbertsioaren munduko kudeatzailerik handiena”, adierazi dute.
Nazioarteko jabetzako inbertsio funts hori “Espainiako legediaz baliatzen da” inbertsioak eta jabetzak kudeatzeko Azora taldeko subsidiarioekin sinatuz. Akordio horiei esker, Azorak nazioarteko funtsa administratu, kudeatu eta ordezka dezake, zerbitzu kontratu handien truke, Inmobiliaria Vascongada ohiak zituen enpleguak Madrilgo subsidiarioen (Azzam Vivienda S.L.U eta Azora Gestion S.G.I.I.C, S.A.U) bitartez azpikontratatuz.
“Inbertsio funtsak ez du enplegurik sortzen gure hirian –are gehiago, suntsitu ere egiten ditu, kasu honetan–, eta ez du zergarik ordaintzen EAEn dituen higiezinen salmentan lortutako gainbalioengatik. Izan ere, diru hori estatuko beste sustapenetan berriz inbertitzen duela deklaratu du; adibidez, Ijentea 2ko diruaren kasuan, Sevillako eta Madrilgo sustapenetan”, azaldu dute plataformek.