Lehen hitza euskaraz egin dute
Hastear da Euskaraldia, eta Bagera elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du.
Goizean Bulebarreko karpan hiru mintzodromo saio antolatu dituzte, eta hainbat herritarrek parte hartu dute. Lehenengo hitza euskaraz egiteko elkartu dira mahaien bueltan, ahobiziak eta belarriprestak. Zenbait mintzagai jorratu dituzte, eta horien artetik lehena oztopoen ingurukoa da.
Zein oztopo ditut nik euskara erabiltzeko edo jendeak nirekin erabiltzeko?, izan da aurreneko galdera. Hedabide honek lau emakumeren arteko solasaldiari erreparatu dio. Euskaraz aritzeko oztopo nagusiena lehen hitza euskaraz egitea dela esan du batek. Inguruan euskaldunak izan arren, kosta egiten zaiola aitortu du, baina pixkanaka lortzen hasi dela egoera horri buelta ematen. Antzeko kasua aipatu du beste batek, eta euskaraz aritu nahi duten beste pertsonekin elkartzeak laguntzen diola. Izan ere, mintzagaiaren bigarren galdera da erantzuten saiatu direna: Zer egin dezakegu oztopo horien aurrean? Hitz egitea da irtenbidea, eta, horrela, euskarazko solasaldiari jarraipena eman diote.
Euskaraldiaren hasiera ekitaldiak jarraipena izango du arratsaldean. 18:00etan musika eta dantza emanaldi herrikoia egingo dute Bulebarreko karpan, 19:00etan izango da ekitaldia eta 19:30ean Mugan taldeak kontzertu laburra egingo du.
Hona hemen mintzodromoaren argazki bilduma: